ANAITASUNA

212 zenb.

1971. maiatzaren 30 ekoa

Jardin Txikerra, 1 BILBAO-12

Tel. 43 18 37


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari: Anjel Zelaieta.

Zuzentzaile: Imanol Berriatua.

Idazkola ta banakola: Jardin Txikerra, 1. Bilbao (12).

Inprimatzaile: Juan José García de Mardones, Joaquín Jáuregui, Luis María Tafalla eta Gabriel García de Andoin, AMADO inprimerian, Bilbon.

Irarle: Gil Díez eta Manuel Barrera, RALI etxean, Bilbon.

XIX urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Martiriak

«Batasunaren Kutxa»n, martiri izenaren definizio hau irakur daiteke: «Bere fede edo ideien gatik bizitza ematen duena».

Baionako HERRIA astekarian, artikulu eder batean, Gehexan Pontok esan zuen, berak martirien aurrean txapela kentzen zuela.

Loreak, bideak eta martiriak!

Ez dago arantze gabeko arrosarik, ez aldatz gabeko biderik, ez eta martirien odolak garbitu gabeko lur zoriontsurik ere.

Martiriak, urkatuak. Martiriak, fusilatuak. Martiriak, zigorraren eraginez gaixorik edo miserian hiltzen direnak. Martiriak, fede edo ideien gatik sufritzen dutenak. Martiriak, martirien gatik (beren familien gatik) sufritzen dutenak.

Martirien aurrean, edozein fede edo ideiagatik martiri izan direnen aurrean, neure txapela kentzen dut.

Martiriak izan ziren, Erromako Koliseoan hil ziren kristauak. Martiriak, kristautasunaren izenean Inkisizioak hil zituenak. Martiriak izan ziren... Martiriak dira... Baina zertarako jarrai?

Jeanne d'Arc tribunal baten aurrean epaitua izan zen. Juezek herejetzat kondenatu zuten. Juezak ziren onak, eta Jeanne d'Arc gaiztoa.

Urteak iragan* ziren. Eta orain, mundu osoan, Jeanne d'Arc da ona, eta beraren juezak gaiztoak.

Baina, bitartean, Jeanne d'Arc sutan hil zen, eta familia batek sufritzen zuen.

Nik jakin nahi nuke, zergatik den hori horrela. Zergatik, martiriek merezimendua lortzeko, urteek eta mendeek* iragan behar duten. Zergatik, bitartean, martiriek hil behar duten, eta familiek sufritu behar.

Jesukristo, Jeanne d'Arc eta menderik mende izan zareten fede eta ideia guztitako martiri guztiok: zuen aurrean txapela kentzen dut. Zuei esker, mundua ez da gaur den baino gaiztoagoa. Baina, beharbada, mundu zoriontsuago bat lortzeko, oraindik martiri askok beren odola eskaini beharko dute, eta familia askok sufritu beharko.

Martiriak lehen, orain eta... noiz arte?

XABIER GEREÑO


Herriz Herri

Gazteiz

Seminarioan erlijio gaiak bakarrik

Gasteizko Seminarioan izan gara, udan euskarazko ikasaldi bat emateko toki eske. Toki polita baita* horretarako, bai ikas lanetarako eta bai jolasteko.

Ezetza hartu dugu. Eta arrazoia hau izan da: orain arte ez dela inoiz horrelako kursillorik egin. Izan diren guztiak, erlijio gaiei buruz izan dira. Gotzainari baimena eskatu beharko genioke, eta, segurki, ez luke utziko.

Bai arrazoi bikainak, jaunak! Orain arte egin ez dela ta, segitu horrela. Gotzainak utziko ez duela ta, eskatu ez, eta kito. Eta horrela kontzientzia garbi eta lasai utz daitekeela pentsatuz, gainera.

Ba dakite ongi, geuk esanik, nola gabiltzan, euskara emateko tokirik aurki ezinik. Baina zer? Seminarioa ba dakizue zertarako den: Izpiritua, arima, debozioa, beste mundua, santutasuna eta horrelakoak bakarrik haintzat hartzeko. Euskara, berriz, gauza profanoa da, mundu honetako gorabehera.

Kristok albaz eta kasullaz jantzirik presentatu behar du; bestela ez du tokirik izango eliz etxeetan (hemengoez ari naiz), eta kristorenak entzunda —edo hartuta— alde egin beharko du berriz ere.

Kolejioetan berdin

Kolejio batzuetara ere joanak gara, toki bila, bai monjen eta bai fraileen kolejioetara. Denetan ezetza. Hau oso grabea da, fraile etxez, monja etxez eta kolejioz beterik dagoen Gasteiz bezalako hiri* batean. Gazteria gehiena hoien eskutan baitago.

Bene benetan, gure herri kulturaren hiltzaile ditugu Arabako eliz instituzioak.

Ijitoak eta gu

Ikastolako fatxadan «Ikastola» rotuloa ezarri delako, izan ditugu geure gorabeherak Inspekzioan, azkenik lehengo tokian jarraitzen badu ere.

Ijitoek ere ba dute hemen beren eremua*, Gasteizko hegal batean. Eta, ijito herri bat osatzen dutela aditzera emateko, letrero bat jarri dute sarreran, beren hizkuntzan.

Ez dute inongo trabarik izan; ez dute denuntziarik jaso. Hori dela ta, batek honela esaten zeutan: «Ijitoak erabiltzen dituzten bezala erabil gaitzatela eskatzen dugu bakarrik, besterik ez».

Berriz ere ijitoak

Amaren omenez, amen jaia ospatu dute ijitoek. Eta euskal dantzak emanez ospatu ere. Horretarako, denboraldi batez euskal dantzak ikasten ibili omen* dira.

Ikusten nago, ijitoek aurrea hartu behar daukutela. Ezin uka, euskaldun askok baino jatorrago jokatu dutela.

T.V.E. eta Araba

Oraintsu, Espainiako telebistan agertu da Araba. Ikusi zutenek eta egunkariek diotenez, oso erakusaldi eskasa. Guk, ez baikenuen besterik espero, ez dugu negar haundirik egin. Kanpokoek gure Herria ongi erakutsiko dutela uste dutenak, noizbait itzartuko dira, agian*.

Bilboko periodista espainiar batek bere harridura azaldu zuen, filmatu ziren dantza denak euskaldunak zirelako. Bilbotar horren kontra su eta gar ikusi ditugu Gasteizko periodista batzuk. Hauetako batek, Jose Mari Sedanok hain zuzen ere, erantzun zion, Bilbon inprimaturiko Euskal Herriaren geografia on bat bidaliko ziola korreoz, Araba non dagoen ikas zezan.

EUSEBIO OSA

Azpeitia

«Oargi» biltokia

Gazte talde batzuei esker, klub edo biltoki alai bat egina dugu. Gazteriaren kezka eta lan haundi baten frutua izan dela aitortu beharra dago.

Gaurkoz gazte mordo bat elkartu gara. Tabernatxo bat ipini dugu eta diskoteka bat ere bai. Oraindik ezer gutti egin bada ere, hor dago gazteria baten kezka eta lanerako gogoa. Poztekoa benetan.

Zertarako, ordea, biltoki hau? Zenbaitzuk hor ari dira marmarrean, bata eta bestea esaten, funtsean* gu nondik nora gabiltzan jakin gabe. Hoientzat eta beste guztientzat, biltoki hau zertarako den garbi agertu nahi dugu.

Helburu* nagusia, elkar ezagutzea eta elkarrekin konfiantza giro batean geure kezkak eta geure problemak azaltzea eta, ahal izanez gero, soluzionatzea.

Ez dugu indibidualkerian izan nahi; biharko egunean geure herriko problemei erantzun bat emateko kapaz izan nahi dugu. Heldu da garaia, betiko kuadrilakeriak eta herrikoikeriak mozteko. Gehiago ez kuadrilen arteko burrukarik. Elkar gaitezen Azkoiti, Zestona eta inguruko herrietako gazte guztiekin: Noiznahi, konfiantzazko giro batean, elkarrizketa sendo batzuk eduki ditzagun, eta, edozer ekintza aurrera eramateko, elkartasunean indar gehiago izan dezagun.

Gure asmoak aurrera doaz. Guk, euskaldun langile aurrerazale bezala, geure nortasuna erdietsi* nahi dugu, gaztea kontzientziatu, haren baitan kezka bat sortu, laneko orduetatik at*, dibertsioa (gehienetan gaizki eratua) ez dadin izan haren helburu bakarra.

Lehen ere inoiz esan dugu, eta orain berriro esaten dugu. Ez gaude konforme, geure eskoletan eman daukuten heziketa eskasarekin. Kultura osoa atzerrikoa eman daukute, eta herrikoa ahantz* erazi. Gure herriko monjek (norbaitzuk aipatzekotan, ez baitira txarrenak) euskaraz baino lehenago frantsesez irakatsiko lukete, nola ez. Hoientzat euskarak ez baitu ezertarako balio. Gehiago oraindik, gure herriak dituen problemarik ttikienak ere ez dauzkigute azaldu. Problema hoien aurrean postura kontserbadore eta faltsu batzuk hartu ahal izateko bideak bakarrik ireki dauzkigute; eta orain, gu zerbait egiten hastean edo bide faltsu hoien aurka jartzean, kristau erlijiorik ez dugula bota nahi daukute aurpegira, kristautasuna zortzi egunetik behin lau ormaren erdian ordu erdi bat erdi lotan pasatzea balitz bezala.

Jaunak, hona hemen gure asmo eta xedeak*, aski* garbi agertuta. Gu eztabaidatzeko prest gaude. Baina, kontuz, diktadurarik ez, inoiz ikusi dugun bezala!

EUSKALZALEAK

Sestao

Euskararen Eguna

Nerbion ibaiaren ezkerraldeko euskaldun batzuek ba ditugu, geure herri hau euskalduntzeko asmo sutsuak.

Ekainaren* 6an, «Euskararen Eguna» ospatuko dogu. Horretarako, euskaldun pillo haundi bat bertora etortzea nahi geunke, Sestaon berton, 600 bat euskaldun izan ezik, beste guztiak erdaldunak baitira. Eukiko ditugun zerak honeek dira: 10,15etan euskal meza. Gero, 11,30etan, kantaldi bat. Kanta saioaren ondoreni herrian zehar abiatuko gara, euskaraz mintzatzen. Azkenez, bazkaritxo bat kolejio batean. Bai kanta saioan eta bai bazkaritan, Estitxu, «Oskorri» eta Zorion Egileor kantariek jardungo dabe.

Baita ere "Gau Txoriak", "Argi Barri" eta C. Bilbao kantariek.

Euskal Herri osoko euskaldunok Herri oso bat izan gura badogu, herri hau ere euskalduntzeko ahalegina egin daigun. Beraz*, egun horretan Sestaora etortzeko eskatzen deutsuegu: jantzi normalekin, bihotz normaiekin. Dei berdina egiten deutsegu txistulariei, dantzariei, eta abar. Guztiok Sestaora!

ANDOLIN EGUZKITZA

Izpazter

Tabernatik mendira

Ordua genduan, geure jokabidea aldatzeko. Orain arte, edantokian jarri, zaharrak bezala, ardo mordo polita iruntsi, eta etxera. Baina guk, Izparterko gazteok, hori ez dala gure eginbeharra ikusi dogu, eta mendira ibilaldiak atontzen hasi gara.

Orain arte, gehienbat, etxe barruan jarri eta teilatuetara harriak botatzen jardun izan dogu. Geure buruen kaltetan izan dira, edan ditugun txikito horreek. Lehen ez genduan ikusi nahi izan, gauza hori txarto egoenik. Txarrago dana: gizontasun bat bezala ikusten genduan, edantoki batetik bestera, ardoaren arrastroan..., mendira igoteak eta holakoak umekeriatzat joaz. Zer da umekeria? Umeek egiten dabena bakarrik? Uste dogu, bide on bat aurkitu dogula, bai osasunaren aldetik, eta bai elkar ezagutzearen aldetik ere.

Gure lehenengo ibilaldia honela izan da: Izpartertik irten; eta haritz nagusiaren azpitik eta Zarendik eta Mendezutik Ereñoko San Migel mendira igon. Etorrera, ostera, bide berriz egin genduan: Ereño, Zendokiz, Natxitua, Ea eta Izpazter.

Geroago

Hurrengo ibilaldiak gogorragoak izango dira, gauzak geldi geldika hobeto irteten dira ta. Baina gu, Izpazterko gazteok, mendira igongo gara, eta ez nekeek ez bide txarrek ez gaitue bildurtuko.

EDUAR

Munitibar

Lapur bedeinkatuak

Ba dirudi, ANAITASUNA aldizkariak gure herrian estimu haundia daukala. ANAITASUNA ale batzuk neukazan kotxean, atea giltzez hitxi barik utzi neban, eta danak lapurtu eustezan. Besterik ez eusten eroan. Ez dakit zertarako nahiko zituen, apurtzeko ala irakurtzeko.

Pedrinen abisua

Munitibar honetan ba dogu karnazeria bat, larunbatetan* baino zabaltzen ez dana. Antza danez, aurrerantzean ez da igande goizetan baino zabalduko. Horixe ipintzen ebala uste dogu Pedrinek, erdaraz jarritako abisuan. Ez ote daki Pedrinek, Munitibarren euskaldunak garela? Bera hain jatorra izanik, deskuidu bat izan dala ez dogu dudarik egiten; eta, hurrengorako, euskarazko abisua irakurriko dogun esperantza ba dogu.

Klemente hil da

Herriko Udalean hainbat urtetan kargudun izan dan Gerrikagoitiko Klemente hil jaku. Familiaren atsekabean parte hartzen dogu.

Oizko San Kristobal

Oizko San Kristobal ermita jausi beharrean dago. Ez ote dau konpontzerik merezi? Eta, hola bada, nork hasi behar dau, ermita hori konpontzeko lehenengo bideak urratzen?

ERRAMON GERRIKAGOITIA

Durangoaldea

Gerediagatarren batzarra

Maiatzaren 30ean, euren Mendekosteetako batzar nagusia egiteko asmoz batuko dira Gerediagatarrak, Garaiko herritxoan. Ihaz* eta beste urte batzuetan, ez ei da bazkide askorik etortzen izan. Izan ere, udaberriko igandeak, batzartzeko baino kanpora irteteko atsegingarriagoak dira. Baina, ea ba, ahalegintxo bat, bazkideok!

Jaiak

Iorretako auzune dan Goiurin, Iorretako Gerediagatarrek eta auzune horretako gazteek antolatuta, eskualdeko* Umeen Eguna ospatu zan, maiatzaren 9an. Itxaroten zan baino askozaz ume gutxiago agertu zan, egualdiaren erruz; hala eta guztiz, egun alai eta baketsua izan genduan.

Goizeko 9,30etan lorretan irtenda, kalejiran joan ziren danak. Goizean, meza, dantzariak eta kantariak izan genduzan bazkal ordurarte. Antolatzaileek salda ta kafea eskaini eutseezan han egozen danei, sakelak berotzeko. Arratsaldea, jolas, kanta eta antzerkiakaz bolada batean joan jakun.

Antolatzaileen hutsune haundiena, eguraldi hobea ez eskaintzea joan zirenei. Ea, ekainaren* 13an, Urkiola eta Azkorrako San Antonioetan eguraldi hobea daukagun!

Alfabetatzea

Amaitu da alfabetatzeko ikastaroa Otxandianon. Hasitako 57etatik 25 batek jarraitu izan dabe azkenerarte. Ehuneko nahiko haundia ematen deusku honek. Gainera, gure eskualdeko ikastarorik luzeena izan da berau. Ekintza honen mesedea igarri igarrian ikusten ei da, zeren* eta lehen baino gehiago erabiltzen baita* euskara, batez ere neskatillen ahotan. Zorionak!

Iorretan, Arri Aundin eta Oromiñon, 50ek eman eutsoen hasiera alfabetatzeari joan dan apirilean, eta hilabete honetan Abadiñon eta Matienan.

Etorkizunari begira, gazteek guretzako dauken inportantzia kontuan eukirik, 13 urte inguruko gazteakaz hasiko dabe alfabetatzea Otxandianon eta Izurtzan aurtengo udako oporretan*.

Musika eta teatroa

Durangoko Luis Angel Sarobe akordeoi jotzaile gaztea berriz ere txapeldun atera da bere mailan, Nafarroako Altsasuan egindako Espainiako txapelketan.

Ekainaren* 6an, herriko «Txoritxu Alai» taldeak antolatuta, Umeen Euskal Jaia egingo da Durangon, beste urte batzuetan bezala. Bezperan, umeen tanborrada bategaz emango jako hasiera jaiari. Igandean, ume taldeek herriko kaleak eta bihotzak alaituko ditue euren dantza ta jolasakaz. Aurten, hiru edo lau talde izan ezik, beste guztiak eskualde honetakoak izango dira.

Ondarroako «Kresala» taldekoek ezin izan dabe egin Durangon, prest euken «Mariñelak» antzerkia, Bilbon baimenik ez eutseen eman eta.

JOAN A. AROMA


Euskaldungoa

Bertsolari gazteentzako Lehen Sariketa Errenderian

Antonio Valverde («Ayalde») zanari omenaldia eginez, bertsolari gazteentzat Lehen Sariketa egin zan Errenderian, maiatzaren 16an. Juan Narbaitza eibartarra atera zan txapeldun. Haren ondoren, Santiago Zabala, Anjel Larrañaga, Pedro Aizpurua, Nikolas Zendoia, Bitor Ibarbia, Eusebio Igarzabal eta Fermin Muñoa. Epaimahaikoak, Antonio Zabala, Fernando Artola, Inozenzio Olea eta Xabier Olaskoaga izan ziren. Zaharrek judikatu zituen gazteak, jendez gainezka egoen «On Bide» aretoan*.

Gazteriaren astea Deban

Gazteriaren astea ospatu izan da Gipuzkoako Deban, maiatzaren 16tik 22rarte. Beste gauza interesgarri batzuen artean, Joseba Intxausti frantziskotarra «Relaciones históricas de los vascos» gaiari buruz mintzatu zan. Eta «Colegio de Segunda Enseñanza Nuestra Señora de Iciar» etxean, euskara batuan eman ziren euskal alfabetatze saioak.

Haurren heziketari* buruzko hitzaldiak Eibarren

Eibarko Umeen Euskal Jaia dala ta, jarraiko mintzaldi honeek eman izan dira: «Psicología y pedagogía infantil» Mikel Laboa midikuak, «La ikastola y el niño» Anjel Lertxundi eta Manuel Urbietak, «El problema de la enseñanza en Eibar» herriko maisu talde batek.

Gauzak itzulez!

Bizkaiko itsasertzeko herritxo batean —ez dogu haren izena aipatuko— ba eukan ANAITASUNA honek dozena bat harpidedun inguru, guztiok edadez hornituak. Ba da euron artean gizon jakitun bat, Gipuzkoa aldetik etorria. Begira! Azkenean, herriko harpidedun guztiek uko egin deutsoe ANAITASUNAri, baina ez herbesteko jakitun honek. Zer kalteak ekartzen dituan, gauzak itzulez* egoteak!

Nork lan gehiago?

Amerikanoen gandik ikasita, disko egile ta saltzaileek ba dakie «Hit Parade» dalakoak antolatzen, irrati, egunkari eta holakoen bidez. Ba dira gure artean ere. Baina gure «Hit Parade» horreetan lehenengo mailetan agertzen direnak, ez dira gehien dabiltzanak han eta hemen, herriz herri, kantu saioak ematen. Herriz herri eta bazterrik bazter kantu lanean diharduenak, ostera*, ez dira lehenak izaten «Hit Parade» horreetako zerrendetan.

«Karmel» aldizkaria bide berriak urratzen?

«Karmel», Aita Santi Onaindia karmeldarraren ardurapean ateratzen dan hiruhilabetekaria da. Bakezko joeraduna, ohitura zaharren aldekoa, mistikazko kutsuduna, euskaraz esaten direnekin baino gehiago euskara berarekin arduratzen dana, euskara «garbijaren» maitatzailea, gizon heldu eta ereduzkoek* idatzia da. Beraren azken zenbakian, ostera*, Arostegi-tar Jokin-ek jarraiko hau idazten dau:

«Eleizkizunetan otoizlari agertzen diranak, limosnatxoak ematen dakitenak, praile eta monja etxeetarako diru laguntzak ematen dituztenak... Onoko oek, gizarte bizitzan aldaketa aundiak egin bear dirala dioten apaiz eta kristauen etsai* dituzu. Komunismo eta marxismoz kutsututakoak dirala eta gogorki oien aurka joka bear dala diote kristau paketsu auek. Kristau eskubitar auek, geienetan burgesak dituzu: diruz gaiñezka daudenak, Kapitalismoarekin ongi uztartu* eta ezkonduak eta Agintari diranekin bat datozenak. Paternalismo gozo batean bizi nai luteke gizartea». Eta azkenerantz: «Kristo reboluzio egille aundia izan zan».

Dirua I

Joan Azurmendi frantziskotarra, ANAITASUNA honen zuzendari izana, bere zuzendaritzapean egindako zorren zati bat bederen* ordaindu ahal izateko, Alemaniara joan zan, bere lanaren truke dirua biltzeko asmoaz. Zelako zekorrak sortzen diren Euskal Herrian!

Dirua II

Behin batez, Bizkaiko euskal alfabetatzearen ardura dauan urlia* gaztea, Gernikara joan beharra euki eban arren, Bilbon bertan gelditu zan, gasolinatarako dirurik ez eban eta.

Dirua III

«Boletín Oficial del Obispado de Bilbao» dalakoak bere 247. alean dinoanez, joan dan abenduaren 27an ospatua izan zan Bizkaian «elizak egiteko dirubiltzea». Bilboko Jesuiten elizan 85.687 pezeta batu ziren, «Corpus Christi» parrokian 58.000, eta «San Vicente» izenekoan 52.844.

Dirua IV

Jaun irakurle, irakurri eizu orain, harpidedun izandako batek egin deuskun eskutitza. Baina irakurri eizu astiro ta lasai, eta, biraoka hasi baino lehen, pentsa eizu, ea noren kontra jardun behar dozun: «Creo que habrán recibido las 160 pesetas que les he girado. Les ruego me den de baja. Motivo: la subida de 60 pesetas».

«Kanta Berri» sariketa aurrera

Loiolako Herri Irratiak eta Arrasateko* «Danok» jakintza taldeak eraturik, «Kanta Berri» izeneko sariketa aurrera doa. Hamabi kanta izan dira hautatuak, eta euskal lau probintzietan emango dira ezagutzera: jaialdi bakoitzean sei kanta berri. Han-hor-hemengo entzuleek abestiak entzun eta euren eritzia emateko hainbat erraztasun izan daien, honetaraxe banatu dira jaiak: Maiatzaren 23an Donostiako «Astoria» antzokian*, maiatzaren 30ean Bilboko «Buenos Aires» zinetokian, ekainaren* 5ean Iruinean, ekainaren 13an Gasteizko «Guridi» aretoan*. Emanaldi honeetan hoberenak bezala aukeratzen diren sei kanta berriak, berriro kantatuko dira Arrasateko «Zaldibar» pelota tokian, San Joan gaueko 10,30etan.

Bederatzi kantari hautatu dira: Ondarroako Amaia Aulestia, Ondarroako Aintzane Bedialauneta, Oñatiko Loli Gardoki, Bilboko Estitxu, Zarauzko Donato Larrañaga, Mondragoeko Jose Mari Larrañaga, Gernikako Xabier Zamudio, Mundakako Zorion Egileor eta Gasteizko Nino Remunan. Kantarien laguntzaile, orkestaz gainera, Azpeitiko «Unai» hirukotea eta Legazpiko «Itxaropen» izango dira.

Koko Abeberry eta Christianne Etchalus-en mintzaldia Parisen

Maiatzaren 14ean mintzatu izan dira, Pariseko Eskual Etxean, Koko Abeberry eta Christianne Etchalus, «Nola eta zergatik euskalzale izan Ipar Euskal Herrian» gaiari buruz, «Elgar» hilabetekariak dinoanez.

Luis Merino jakitunaren mintzaldiak Bilbon

Maiatzaren 13an, «Colegio Oficial de Arquitectos» dalakoan, Luis Merino jakituna mintzatu izan da, «Pintura y escultura vasca contemporáneas» gaiari buruz. Eta hurrengo egunean komentario zehatz bat egin eban «Arte contemporáneo, de Kandinski a nuestros días» gaiaren inguruan.

Aita Olazaran kaputxinoari omenaldia

Maiatzaren 23an, omenaldi bat egin izan jako Aita Hilario Olazaran txistulariari Nafarroako Lizarran*, herri horretako udalaren* babespean, «Asociación de Txistularis del País Vasco» elkarteak eraturik.

«Ez dok Amairu» taldekoak Lizarran

Maiatzaren 5ean abestu izan dabe Lizarran* «Ez dok Amairu» taldeko Mikel Laboa, Lurdes Iriondo, Xabier Lete eta Irigaraik.

Pablo Gorosabel idazlearen liburua

Bilboko «La Gran Enciclopedia Vasca» etxeak laster publikatuko dau Pablo Gorosabelen «Diccionario geográfico descriptivo de los pueblos, valles, partidos, alcaldías y uniones de Guipúzcoa, con un apéndice de las cartas-pueblas y otros documentos importantes». Liburu hau lehenengo aldiz Tolosan argitaratu zan, 1862. urtean, Pedro Gurrutxagaren inprimerian.

«Seat 600-E» berri baten zozketa

Uda denboran euskal alfabetatzean ari direnei laguntzeko, Euskaltzaindiaren alfabetatze bulegoak* «Seat 600-E» berri bat jartzen dau zozketan*. Erosi eiozuz txartelak zeure herriko alfabetatze kanpainako arduradunari, eta lagundu maisu bikain horreei.

«Estudios Vizcaínos» aldizkaria

«Estudios Vizcaínos» (Revista del Centro de estudios históricos de Vizcaya) izenarekin agertu berri da Bilbon seihilabetekari bat, «Real Sociedad Vascongada de Amigos del País» dalakoaren ardurapean. Zuzendaria Andres Mañarikua, zuzendari ordezkoa Carlos G. Etxegarai, idazkaria* Angel Rodríguez, redazio batzordea: Adrian Zelaia, Manuel Basas, Juan Ramon Urkijo eta Jacinto Gómez. Gure Bizkaiko historiari buruzko aldizkari hau oso osorik erdaraz dator, Alfontso Irigoien jaunak ere horretan huts egin barik. Oraingo ale honek 200 orrialde ditu, eta 150 pezeta kostatzen da. Urteko abonamendua 250 pezeta da. Eskatzekotan: «Estudios Vizcaínos», Astarloa 2, Bilbao.

«Oskorri» taldekoak Erandion

Erandioko ikastolaren alde kantatu izan dabe herri honetan Bilboko «Oskorri» taldekoek, maiatzaren 6an. Bide batez, Agustin Ibarrola pintorearen grabadu batzuk saldu zituen, 125 pezeta bakoitzeko kobratuz.

Euskal kantuen saiera Bilbon

Euskal kantuen saiera bat ospatu izan da maiatzaren 9an, Bilbon, «Santiago Apóstol» etxeko antzokian*, «Distribuidora San Miguel» elkartekoek antolaturik. Josu Zabalondo, Ana ta Amaia, Patxo, Bittor Egurrola eta Zorion Egileor kantariek jardun eben.

Karlostarrak

— Zu!

— Zer?

— Hainbeste eta hainbeste Karlostar detenitu eta espetxera bidaldu ditue!

— Ikusten dozu...!

Casiano Floristán apaizaren mintzaldiak Iruinean

Casiano Floristán erdal liturgilari ospetsuak hitzaldi batzuk eman izan ditu Iruineko seminarioan.

Lizartzako jaiak

Gipuzkoako Lizartzako jaietan, Azpillaga eta Lopategi bertsolariek jardun izan dabe. Bai eta «Argia» dantza taldeak eta «Enarak» kantariek ere. «Enarak» izango dira, beharbada, une honetan, Euskal Herriko erromerietarako euskal konjunto bakarra.

García Totorika pintorearen erakusketa Bilbon

Bizkaiko Galdamizen jaiotako García Totorika pintoreak erakusketa bat izan dau Bilboko «Arthogar» etxean. Entzute haundia eman izan deutson kuadroa, «Marmitako abordo» izenekoa da, eta hainbat restaurantetan ikusten da. Erdal motiboak ere pintatzen ditu.

Bertsolariak Getariko Meagan

Getariko Meaga auzoan jardun izan dabe bertsotan Jauregi eta Lizaso bertsolariek, maiatzaren 16an.

«Erlak» bikotea Hernanin

«Erlak» izeneko neskatilla kantari bikoteak jardun izan dau Hernanin, maiatzaren 13an, Floridako «San José Obrero» elizaren zorrak ordaintzeko antolatu dan jaialdi batean.

Antzerkia ikastolaren alde

Bergarako Dominikanoen etxean jokatua izan da «Ehun Dukat» antzerkia, bide batez herriko ikastolaren alde dirua biltzeko.

«Noiz» antzerkia Lazkanon

Iparraldeko Daniel Landart gazteak egindako «Noiz» antzerkia jokatu izan dau Baionako talde batek Lazkanon, maiatzaren 15ean.

Ikastola berria Beasainen

Beasaingo Errekartealde auzoan ikastola berri bat zabalduko dabe datorren udazkenean, 3-4 urteko haurrentzat.

Jesus Esponda diputaduaren mintzaldia Iruinean

«Navarra ante su industrialización» gaiari buruz mintzatu izan da, Iruineko «Arga» etxean, Jesus Esponda Garaikoetxea diputadua. «Concibo la industrialización —esan eban —como un servicio a toda la comunidad navarra. Es un esfuerzo en el que deben intervenir y colaborar la Diputación con sus estímulos fiscales efectivos, los Ayuntamientos con facilidades de terrenos y colaboración en la gestión, el dinero navarro, actualmente muy activo fuera de Navarra, y la iniciativa privada empresarial».

«Lehen Urratsak» liburu berria

Euskaltzaindiaren alfabetatze bulegoak* prestaturik, «Lur» editorialak «Lehen Urratsak» liburuxka argitara eman berri dau. Alfabetatze kanpainarako erabiliko dan 80 orrialdeko liburu honek, euskal ortografia, deklinabidea, joskera* eta aditza* irakasten ditu.

Irakurgai on bat

«Diagnóstico sociológico de los Conflictos Sacerdotales de la Diócesis de Bilbao» izenburuarekin agertu berri da 323 orrialdeko liburu bat, Bilboko diosesiko «Departamento de Investigaciones Sociales» dalakoaren ardurapean prestatua, Bilboko apezpiku jaunak hala agindurik. Bizkaiko 701 apaizei egindako inkestaren* erantzunak dira. 701 horreetarik 601ek erantzun dabe; beraz, % 95,4ek. Dana dala, ohartxo batean honela dino: «Tal vez sea necesario apuntar el hecho de la ausencia de dos grupos de sacerdotes, en gran parte pertenecientes a la generación de los sacerdotes jóvenes y cuya opinión por fuerza modificaría los resultados en algún grado sobre todo en ciertos temas de investigación». Liburu honen hasieran «prohibida la reproducción total o parcial» esaten danez gero, ezin dogu argitasun gehiagorik eman, gaurkoz behintzat.

«Ez dok Amairu» Legorretan

«Ez dok Amairu» kantari taldeak saio bat eman izan dau Gipuzkoako Legorretan, maiatzaren 22an.

«Gure Erria» aldizkaria

«Gure Erria» izeneko orri bat argitaratzen dabe hilabetero Bizkaiko Etxebarri eta Barinagakoek, multikopiaz egina, eta euskara hutsean. Haren joera ikusi daizuen, begira 172. alean dinoana: «Etxebarriko gazte talde bateri, eritzi-batze batean, honako itaun* hau egin jakon: Loiolako irratitik jolas tokietarako propaganda egiteari ondo deritxazu? Bat izan ezik, beste guztiek hori txarto dagoela erantzun eben». Eta Etxebarriko kronikan hauxe irakurtzen da: «Ile honetako euria: metroko 188 litro». Eta Barinagako kronikan: «Oriatxikiko Jesus Mari, belauneko operazioa eginda etxeratu da».

Kantarien jaialdia Lakarran

Baxenabarreko Lakarran, maiatzaren 8an, jarraiko honeek ari izan ziren kantari: Etxamendi-Larralde, Sarasola-Borda, Ospital-Carrere eta Erramun Martikorena.

Euskal jaia Zeanurin

Udalaren* babespean herriko gazteek antolaturik, euskal jai bat izan da Bizkaiko Zeanurin, maiatzaren 16an. Parte hartu ebenak: Estitxu, Ander eta Belen, Patxo, «Oskorri» taldea, Xabier Saldias bere konjuntoarekin, albokariak, txistulariak. Jende asko, denbora txarra eta jai giroa.

Euskal jaia Igorren

«Hostal Aranzazu» dalakoaren babespean Arratiako Koruak antolaturik, subnormalen alderako jaialdi bat izan da Bizkaiko Igorren*. Programan agertzen ziren: Zarra futbolaria izana, Los Javaloyas, los Síntesis, «Arratiako Oihartzunak» taldea, Txomin del Regato, Alfredo ta Patxo, txistulariak, albokariak, pandero-jotzaileak, eta «El Corte Inglés» dendak eskainitako sariak. Subnormalentzat aterako zan dirua, beharbada; baina, gure ustez, euskal kutsuko jaialdi bat egiterakoan, galbahea* gehitxoago erabili behar da.

Lopategi ta Azpillaga bertsolariak Urdulizen

Lopategi ta Azpillaga bertsolariak ari izan dira bertsotan Bizkaiko Urdulizen, maiatzaren 20an.


Informatika, herri kulturaren zerbitzutan. Iñaki Núñez-ekin elkarrizketa

Azken urteotan ordenadoreek eragin duten erreboluzioa norainokoa datekeen ez dakigu, hasiera besterik ez baitugu dastatu*. Dena den, gaurko gizartea ordenadoreen menean* dago. Hiriko semaforoak konbinatzeko, ordenadorea erabiltzen da; satelite bat noiz bidali behar den, berorrek erabakitzen du; orobat*, fabrikako sariak nola banatu behar diren; linguistikan fonemen edo morfemen usutasuna* ezagutu nahi baldin badugu, ordenadoreari galde egin beharko diogu. Eta heldu da garaia, makina honi euskal kulturaren alorrean* ere lan egin erazteko. Baina, antzinako mendeetan* goldearen atzetik gizona behar zen bezalaxe, gaur egunean ere, transistorezko zerebroaren atzean, gizonaren garunak behar dira. Eta, oraingo honetan, Iñaki Núñez dugu gizona.

Iñakik Mondragoen egiten du lana. «Técnico de empresa» ikasi zuen; baina, lanbide hau hain gogoko ez zuelarik, informatikan sartu zen. Ulgor-eko zerebro ondoan da buru eta gidari. Musika eta zibernetika maite ditu biziki; eta elkartasun horretatik eman daukun frutua, Zuberoko musikaz egin duen lan ikusgarria da. Utz diezogun, ordea, berari esplikatzen zer den hau:

— Historian zehar gizonok geureganatzen dugun informazioa gero eta ugariagoa da, eta halaxe behar du izan ere. Musikan gauza bera gertatzen zaiku. Antzinako musika berdinagoa zen, aldaketa gutiagokoa; eta, denborak joan-ala*, doinuak ere aberastuaz joan dira; aldaketa eta gorabehera gehiago da. Beraz*, informazio gehiago jasotzen dugu. Arazoaren muinean sartzerakoan, on litzateke, Wilhem Fucks deritzan aleman baten izena aipatzea. Gizon hau, zibernetikaz baliaturik, lan askotan jarduna da, dela musika, hizkuntza, edota plasmaren fisika. Musikan, besteak beste, XV mendetik gaurdaino izan den aldaketa aztertu nahi izan du. Honetarako, doinuek ematen dituzten interbalo eta noten zerrendak ikusi ditu lehenik.

— Iñakik fotografiez eta dibujoez hornitutako idazki txukun bat zabaltzen du. Berak prestatu duen lana da. Grafiko bat erakusten dauku.

— Ikusten duzun bezala, interbaloek bihurgune batzuk ematen dituzte; hauei eskerrak, mendeetan zehar izan den aldaketa ederki ikusten dugu. Antzinako musikan interbalo ttipiak bakarrik direlarik, erdiko bihurguneak (interbalo ttipiei dagozkienak) nabarmenagoak eta zorrotzagoak ageri dira; ertzetakoak, berriz, oso apalak. Nik azterketa bera egin nahi izan dut, Zuberoko musika gai nuelarik. Zuberokoaz hasi naiz, hango musika oso atsegin dudalako. Lehen aipatu dugun neurriari gagozkiola («desviación standard» deritzagu, sigma), bajuenetakoa baita*, musika molde hau XV eta XVI mendekoa izan liteke, Fucks-ek emandako zenbakietan oinarrituz gero behintzat. Lan honetan, Azkueren bildumak* dakartzan 65 doinuak erabili ditut.

— Eta honelako lan bat egin dezan, nola ematen diozu jaten ordenadoreari?

— Honetarako, kanta guztiak numero bihurtu behar dira, kodifikatu egin behar dira; numero bihurtu diren pentagramako nota beroiekin kalkulo matematikoak egin ahal izateko. Doinu bakoitzeko fitxa bana egin nuen, beraren dato bereziak adieraziz, eta gero beste fitxa batzuetan kanta osoaren notak. Kanta bakoitzeko zenbait* variable zulatzen dut: zein herritan bildu* den kanta hori; nolako gaia (maite kantak, bakikoak, epitalamiokoak-edo ote diren...); soinugailua (batzuk, kantatzeko ez baina, txirula edo txistuz jotzeko baitira); nork kantatzen duen (Azkueri nork kantatu zion); pastoralekoa den ala ez; modua, eta abar. Hau dena numero bihurtu eta kodifikatu egin behar da.

 — Zure ustez, zertan datza* lan honen balioa?

— Orain beste lan bat egiten ari naiz Euskal Herri osoaz. 65 kanta arras* gutti da, konklusioak ateratzeko. Inoiz, herri batetik kanta bi baino ez dugu. Horregatik, ondorengo guztiak txit* mugatuak eta relatiboak beharko dira; «hala dirudi», «agian* honela dateke*...» esan beharra dugu gehienetan. Zuberoko honetan, jakingarriago deritzat metodologiari, jasotako erantzunei baino. Halaz ere, ba dugu zenbait puntu gogoan hartzeko. Batzuek, esate baterako, uste eta esaten ere dute, euskaldunak modo menor delakoa maiteago duela; baina hau, Zuberoari gagozkiola bederen*, beharbada ez dateke honela. 65 doinu hauetan, 38 mayorrean daude, eta 27 menorrean. Beste puntu bat. Frantses batek, nik neurea egin nuen urte berean, azterketa bat egin zuen Beethoven-en musikaz; eta ikusi ere zuen, haren lanetan beherako interbaloak ugariagoak zirela gorakoak baino. Honek —berorrek dioenez bederen*— alaitasunezko ukitu* bat ematen dio doinuari, bapatean* goruntz egiten diren salto hoik oso bortitzak* eta alaigarriak gertatzen baitira. Zuberoko kantetan ere, ba dugu honelako zerbait.

Gaiak ere ba du bere zerikusia. Epitalamiokoek eta dantzakoek ematen dituzten bihurguneak, antzerakoak dira; bakikoak eta erromantzeak, berriz, oso bestelakoak. Noski*, dato hauen adierazkizunak, musikaren mugak gainezkatuz, beste eremuetan* sartzen dira. Puntu hauetaz antropologoek eta sikologoek mintzatu behar lukete, eta hau honela zergatik den azaldu. Berdin esango nuke geografiaz eta bestez.

— Beraz*, ekipoa behar beharrezkoa da honelako lanetan.

— Bai. Oraingo honetan, neronek hautatu behar izan ditut variableak; eta hau ez dago ondo. Aukera hau musikologoari zegokion. Berorrek esan behar zuen aurretik «ene eritziz, interbalo hauk oso euskaldunak dira, edota, hemen honelako asko da...»; eta, ondoren, nik egingo niokeen azterketa. Funtsean*, dato hauk argitzeko, sikologo bat, herria ondo ezagutzen duen antropologo bat, musikoa, eta matematiko bat behar lirateke. Eman dezagun, bihurguneek herri batean beste batean baino kantatzeko askatasun gehiago adierazten dutela, edo itsasertzean lehorrean baino, edo ibar zuloetan baino. Hau zergatik da honela? Espezialistak erantzun beharko du.

«Celtak» erre bitartean, luzaz jarraitzen dugu hizketan. Iñaki zabaltasunez mintzo da, bihotzez. Gauza asko du Iñakik kontatzeko. Mondragoen duen zerebroa, indartsua da. Lehen aipatu dugun Fucks alemana oso ongi portatu omen* da berarekin, behar zuen guztia bidaliz. Italian ere ba du lagun bat, zerebroentzat musika egiten duena. Iñakik, dakiena ez du gordetzen marfilezko dorre itsu batetan; inguruan ereiten du harrokeriarik gabe, nahi duenak jaso dezan. Informatika eta herri kultura. Urratu da bidea. Izango ahal dira jarraitzaileak ondotik!

LETAMENDIA

dakartza, dakaz, dakarzki

dauku, deusku, digu

dezagun, daigun

daude, dagoz

dezan, daian

diezogun, deiogun, dezaiogun

dio, deutso

diozu, deutsazu

niokeen, neuskion

zaiku, jaku, zaigu

zion, eutson


Hirakurleak Hizlari

Anaitasuna-ren Bigarren Inkestari Erantzunak

ANAITASUNAren aurreko bi numeroetan, inkestako lehenengo bost galderei emandako erantzunak azaldu ditugu. Orain, gaurkoan, seigarren eta zazpigarrenari emandako erantzunekin amaituko dugu sail hau.

Bi galdera hoik* elkarri lotuta zeuden. Hauk* ziren:

6. ZURE ERITZIZ, ZEINTZUK LIBURU EDO LIBURU KLASE FALTA DIRA EUSKAL LITERATURAN?

7. EGIEZU KRITIKA BAT, GAUR EGUNEAN ARGITARATZEN DIREN EUSKAL LIBURU ETA DISKOEI.

Nork bere erantzuna eman du, eta, guztiak argitaratzea ezina izanik, batzuk aukeratu ditugu, tendentzia guztiak kontuan harturik. Hauk dira:

«Faltan ikusten dudana: errekreozko literatura, gaztetxoentzat eta guztientzat. Alde bat edo linea bat ikusten dut total hodeietan* dagoena, eta bestea nahiko intelektualizatua. Ez batak ez besteak ez diote erantzuten herriaren beharrizanari» (19 urteko unibertsitario batek)..

«Texto liburuak, nobelak Gereñorenen antzekoak, umeen liburuak» (19 urteko maistra batek).

«Denetatik behar dira. Baina, laster, beharrezkoenak texto liburuak izango dira. Orain ikastolak betetzen dituzten haurrek bigarren mailan jarrai dezaten» (lantegi ttiki bat duen 37 urteko gizon batek).

«Batasunera eramango gaituzten liburuak. Lehen bai lehen hau. Oso gutti egin da orain arte. Niretzat, joan den urteko liburu positiboena «Batasunaren Kutxa» izan da. Noizko 20.000 berbako hiztegia?» (50 urteko administratibo batek).

«Asko. Baina batez ere teknika, matematika, soziologia, geografia, fisika, eta abar. Instituto eta Unibertsidaderako behar direnak» (26 urteko perito industrial batek).

«Ekonomia, politika, soziologia, kondaira. Ikusten dugunez, arlo asko hutsik dagoz. LUR-en lineari ona deritzat. Nobelak ere bai, baina gartsuak» (34 urteko langile batek).

«Nik irakurri ditudan liburuak LUR editorialarenak dira, eta kontentu nago. Euskaldun filosoforen baten liburua falta da, nire ustez» (54 urteko ofizinista batek).

«Kultura egiteko, Herri kultura erakutsi behar dute, eta ez burjes kultura; eta, zoritxarrez, askotan ihes egiten dute beren eginbehar horretatik» (20 urteko emakume batek).

«Liburuak onak dira, baina diskoak hobeak. Xabier Leteren 'Poeta hoiek' diskoa eta Urretxindorren 'Aitorren hizkuntza zaharra' oso politak dira» (35 urteko andre batek).

«Garestiegiak dira liburuak, gazteontzat behinik behin. Euskal kondairarik ez dugu, ez liburuetan ez aldizkarietan» (17 urteko ikasle batek).

«Euretariko asko, kakagarriak dira. Diskoak batez ere, bai musikaz eta bai letraz, soporta ezinak dira» (27 urteko administratibo batek).

«Bat behintzat: Biblia. Eta euskaldun handien bizitzak» (52 urteko emakume kontable batek).

«Liburu sozio-ekonomikoak, politikazkoak, entsaioak, nobela sikologikoak (euskal sikologia) proletalgoarentzat eta proletalgoari buruz idatzitakoak» (19 urteko magisterio ikasle batek).

«Esan nahi, esan behar, eta... ezin esan» (26 urteko administratibo batek).

«Ikastoletako haurren heziketarako behar diren liburuak. Nire eritziz, behar larria horixe dugu gaur egun» (28 urteko bankuetxe langile batek).

«Mota askotako liburuak falta dira. «Novelas policiacas» deituak eta gauza errazak batez ere» (33 urteko langile batek).

«Gaurko lanek ez dauke sakontasunik, eta gainera guztiz materialistak dira. Bide errazegiak hartzea txarra da, mutilak!» (21 urteko banku langile batek).

«Nobela berriak eta ipuin iraultzaileak*. Soziologiaren eta marxismoaren gainean» (26 urteko ekonomi ikasle batek).

«Ikasleentzakoak. Diskoetan, 'Ez dok Amairu'renak maite ditut, mamin gehiago dabe ta» (komertziante batek).

«Liburuak ederki daude, eta diskoak CINSA etxearenak dira onenak niretzat, abestien letra atzean dakartelako» (15 urteko elektrizista batek).

«Ikastoletarako liburuak falta dira. Eta liburuak, euskara batuan. LUR editorialak ihaz argitaratu zituen liburuak asko gustatu zitzaizkidan. Haurrentzako disko egokirik ez dago» (23 urteko neska batek).

«Kondaira, ekonomia, marxismo eta sozialismoa» (amodio librea defenditzen duen 17 urteko mutil batek).

«Argitaratzen diren lanak, liburuak batipat*, presaka eginak iruditzen zaizkit. Erdal apunteetatik presaka antzean laburtutako liburuen usaina hartzen diet. Interesante liratekeen ideiek, redazio eta esposizio faltaz asko galtzen dute. Beste batzuek, berriz, euskara dotoreari bakarrik begiratzen diotela dirudi» (22 urteko sikologi ikasle batek).

LUR eta IRAKUR SAIL bakarrik ezagutzen ditut. Falta dira: kondaira, hemengo eta gaurko literatura, filosofia, soziologia, traduzioak» (19 urteko Durangar batek).

«Euskal historia, gaztetxoentzako nobelak, kulturazko gaiak, irakaskintzarako liburuak» (Eibartar batek).

«Jakintza liburuak falta direla argi dago. Zer egiten du, esate baterako, hainbeste apaizek, oraindik teologi liburu bat ez dadukagu ta, Gaztañagarena kenduz gero? Liburu berrizale askotan, euskara traketsegia ikusten da» (26 urteko teologi ikasle batek).

«Ondoen diskoak, mesede handia egiten baitiote euskarari gazteen artean. Aldizkariak: ANAITASUNA eta ZERUKO ARGIA bakarrik ondo. Liburuak: editorial lar* eta bakoitza bere aldetik; batasunik ez» (37 urteko apaiz irakasle batek).

«ANAITASUNA, oraindik minorientzat. ZERUKO ARGIA, herrian gehiago sartuta dago. LUR, orain arte bera bakarrik zen. IRAKUR SAIL eta ETOR itxaropenak dira. HERRI GOGOA, ondo» (21 urteko maisu batek).

«Denetik falta zaiku. Gehien, zortzi urtetik gorakoentzako ipuin liburuak. Gazteentzako. Sexualidade eta nobelak. Umeentzako «Pulgarcito»ren antzerako errebistak» (20 urteko ikasle batek).

«Nobelak erruz* behar ditugu. Liburu teknikoak behar ditugu» (31 urteko bulego* langile batek).

Beste ehun eta gehiago erantzun ditugu, baina guztiak ezin jar hemen. Mila esker guztioi. Zuekin ukan* dugun harreman hau benetan interesgarria izan da, eta beharrezkoa. Eta orain, amaitu baino lehen, eskari bat: Zuetariko askok ondo idazten duzuela adierazi daukuzue. Zergatik ez duzue proba bat egiten, ANAITASUNAn argitaratzeko lanen bat gure zuzenbidera bidaliz?


Saioak

Gerraren desmitifikazio beharra

Segur nago, harrigarri irudituko litzaikegula, norbaitek zera esanen balu: «Orain aberastu eginen naiz, beste gizonak zanpatzen*, pobretzen eta hiltzen». Baina honelaxe da errealki —nahiz eta konplejidade gehiagoz—, erresuma* batek besteren kontrako agresio gerra bat sor erazten duenean. Hori egin aurretik, eta lapurreria hori aldez* edo moldez justifikatzeko, goiestruktura bat (filosofia, erlijioa, morala, eskubidea, eta abar) eduki behar du erresuma horrek, bere asmoetara herri xehea erakartzeko. Gehienetan ederki bete dute goiestruktura hoiek beren zuzengabeko eginkizuna. Eta, gainera, botere* politikoa dutenak progresisten garrasiak eta eritziak isil erazten saiatzen dira beti; erreazionarioenak, berriz, medio guztiez zabaltzen dituzten bitartean. (Gogoan ditut, adibidez, Ipar Amerikako McCarthy senadorea alde batetik, eta azken bolada honetako Steinbeck idazle malkorra bestetik).

Orain arte, zalantzarik gabe, erlijioa izan da, gerra mota hoik* justifikatzeko erabili den arrazoirik normalena. Erdi Haroko aleman zaldunek beren ebaskeriak* justifikatzeko usatzen zuten konsigna («Gott mit uns», Jainkoa gurekin), orain dela oso denbora gutti arte entzuna izan dugu. Izan ere, Hitler-ek berak esan ohi zuen: «Probidentziak nahi izan du, ni...» Edo, oraindik berrikiago, Spellman-ek, New Yorkeko kardinale zenak, Vietnamen zeuden soldaduei esan zien, gerra hura* komunismo ateoaren kontrako kruzada zela.

Baina, erlijioa aparte, beste eratakoak ere izan dira, boterea duten klaseek usatu dituzten justifikazioak.

Nazi ideologiaren egileek (Krieck, Baumler eta besteek) laster somatu zuten ordurarteko justifikazioen ahuleria*, eta, haien ordez, teoria arrazista sasi-zientifiko bat (beste aldetik, Alemaniako zenbait* mediotan oso hedaturik* zegoena) zabaldu zuten, III Reich-eko politika inperialista sostengatzeko. Hurbilago* ere, beste justifikazio mota bat dugu, Ipar Amerikanoek azken gerra mundialaren ondoren erabili zutena: hots*, Mendebaldeko* zibilizazioaren salbamendua.

Haatik*, edonork ikus dezake, faltsukeria hau desegiten ari dela, jendea konturatzen hasi baita* sasi-arrazoi hoien iruzur* eta amarruaz*. Izan ere, gaur egun, heziketak* zabaldutako jakitateari esker, herrien elkar ezagutze hobeari esker, eta batez ere jende progresisten eguneroko lanari esker, egunerik egunera askoz ere hobeto ulertzen ditugu gerren egiazko kausak. Desmitifikazioa bizitzako arlo guztietan agertzen ari zaiku, eta gerra, noski*, ezin zitekeen agerpen horretatik kanpoan geldi.

Desmitifikazio horrek bere mistika kendu dio gerrari (horixe esan nahi du desmitifikazioak, han zuzen); eta, gezurrezko ideologien gainetik, gerrak diren bezala erakutsi dauzkigu. Haien injustiziak, astakeriak eta abar ikus erazi dauzkigu. Hori dela ta, Ipar Amerikan soldadutzara joan behar dutenek sua ematen diete beren kartilla militarrei, eta desertoreak gero eta gehiago dira.

Esan nahi ote du prozeso horrek, gerrak betiko amaitu direla? Eta, gerren egiazko kausak jakinez gero, ez dela gerrarik gehiago izanen? Ez, ez da hori pentsatu behar. Aitzitik*, gero eta gorriagoak beharbada edukiko ditugula esan daiteke, beste era batekoak izan arren. Izan ere, gaur egun, kapitalismo inperialista hiltzera doan garai honetan, ezin daiteke uka, mundu guztiko herriak beren askatasunen gatik burrukatzen ari direla. Beste aldetik, kapitalismoak ez ditu irabazitako posizioak defenditu gabe utziko (gogora ditzagun Vietnam eta Hego Amerika); eta, Che Guevarak zioenez, Vietnam berriak azalduko dira zalantzarik gabe, askatasunaren gose hori zanpantzeko asmatu diren harma guztien (napalm eta gainerakoen) baliorik eza adieraziz.

Beraz*, ez dugu bake osorik ukanen*, benetako bakea ez baitu gizonak lortuko, sekulako aldaketak gertatu arte. Hori bai, urrutian (prozeso hau emeki* emeki joanen delako) gerrarik gabeko garaia ikus genezake, egiteko arrazoirik ez baita* izanen.

XABIER KNORR

dauzkigu, deuskuz, dizkigu

dezake, daike

diete deutsee

dio, deutso

genezake, geinke

litzaikegu, litzakigu, litzaiguke

zeuden, egozen

zien, eutsen

zioen, inoan, esaten eban

zitekeen, eiteken


Saioak

Buruko iletaraino gaude

«Buruko ileetaraino* gaude» idazpuru horrekin, Imanol Laspiur idazle ezagunak artikulu sentikor-mingots bat argitaratu du ZERUKO ARGIAn (21-3-71), egun batzuk aurretik Larresorok «Leporaino gaude» izenarekin agertu zuen gai berari jarraituz.

Zertaz mintzo dira garratz eta gogor bi idazle ospetsu hoik*? Egia mardul honetaz: Euskara dakiten euskaldunak ez direla hizkuntza horretan mintzatzen. Hori da, bi idazle hoiek hasarre bizian darabilten gaia.

***

Aspalditik kezkatzen gaituen gaia da hori. Bera baita*, zalantzarik* gabe, gaurko egunean, euskarak dadukan gaitzik gogorrena.

Geure kezkak, bi urtetan eten gabe, Nafarroako «Príncipe de Viana» aldizkarian agertu ditugu; eta aitor dezagun, ez dugula oso kritika ona izan.

Norbaitek, «ez, helburu* gabeko ekintzari» esanez erantzun zuen. Beste batek, ez genuela Euskalzaindiaren «frakasorik» aipatu behar; eta HERRIA astekariak ez ditu gure artikuluak argitaratu nahi izan, «pesimistak» ziren atxakiarekin.

Gaitzaren aurrean, ostrukarena* egin nahi! Egia esaten duen sendagileari etxeko ateak hitxi, gehiago sar ez dadin!

***

Horregatik zaiku pozgarri, bi idazle ospetsu hoik*, Larresoro eta Imanol Laspiur, euskara mintzatuaren gai hori berori orain erreberritzen ikustea. Eta guk baino zorrotz, minkor eta garrazkiago.

Larresororen idazkia ez dadukagu eskuartean. Hona Laspiurrenaren laburpen bat: «Ez dakit leporaino, bururaino edo noraino; baina ito beharrean gaude, geron buruak leher beharrean, gure jokabide baldar negargarriak eraginiko herio batean».

Eta teoriaz eta jakitunkeriaz asko hitz egiten dugula esan ondoren, jarraitzen du:

«Baina nola ari gara praktikan? Zer hizkera modutan hitz egiten dugu etxean? Nola hitz egiten dut emaztearekin? Nola, euskara dakien zenbait adiskiderekin? Nola erantzuten diot, tirrina jo duen telefonoari? Nola? Nola?

Nolakoa da gure jokoa? Andereñoak nola mintzatzen dira beren artean, ikastola bukatu ondoren? Gure euskalzain* guztiak beti euskaraz egiten dute beren artean? Beti ote? Eta beren etxean?

Euskalzale porrokatutzat agertu nahi duen, kea besterik ez darion euskaldun aski dago gure erdalkeri bizitzan.

Hau denau eskandalua da».

Nik neronek, bihozmin haundia egin dautaten exenploak ager nitzake, andereko eta euskalzaindikoen artean.

«Ez gaude xinplekeriaz ibiltzeko garaietan. Euskara kenka* larri larri batetan sarturik dadukagu, eta, euskalzaleak garela esan eta horren argal jokatzen dugularik, traidore hutsak gara, euskararen asesinoak».

***

Larresoro eta Imanol Laspiurren hitz gogor hoiek ondoren onik izango dute? Agian* bai, baina ez dadukagu itxaropen gehiegirik.

Euskara mintzatuaren auzia ez da indarrezkoa; maitasunezkoa da. Indarrez, hitz gogor eta bortitzenarekin* izanik ere, ez dugu inor euskaraz mintzatzera behartuko.

Nork bere baitan sortu behar du euskararen ganako kezka eta maitasuna, iturri batean ura sortzen eta jalkitzen* den naturaltasunarekin. Naturaltasun hori sortu eta Herrian zabaltzeko, Larresorok eta Imanol Laspiurrek dioten bezala, exenplo ona eman behar dugu.

Eta euskalzale agertzen garenak, batipat* euskararen zaindari direnak, saia gaitezen, exenplo hori bazter guztietan zabaltzen: etxean, familiarekin, lagunekin, eta abar.

Egin dezagun euskara geure bizitzako hizkuntza. Hori egiten ez bada, euskara Herriaren ezpainetan gordetzen ez bada, jakinduria guztien gainetik, aberatsenak izanik ere, euskara hil egingo da.

Baina, arren bai arren, ez dezatela esan, asesinoak gu geu garela!

HERNANDORENA

dautate, deuste, didate

dezagun, daigun

dezatela, daiela

diot, deutsat

diote, dinoe

gaude, gagoz

nitzake, neikez, nezazke

zaiku, jaku, zaigu


Alfabetatzea

Ikastoletako irakasleei. Udako ikastaldia dela eta

Honez gero, eskuetan dukezue denok, edo gehienok, udako gure kursilloari buruz zabaldu den programa orria. Baina gerta litekeena da, zuzenbidearen faltaz-edo, hutsen batzuk egitea. Ez du hutsegite hauk hornitzea beste helbururik iskribu honek.

Gure kursilloa esan dugu, eta halaxe da: zenbait batzarre egin ondoan, jendeak zer lan ari duen ikusirik, edo-ta zer arazo eta premia dituen azterturik, geurok antolatzen ari bait gara, joan deneko sei-zazpi urteotan bezalaxe.

Bestalde, hiru puntu nagusitan finkatzen ditugu udako kursilloen helburuak aurten: haurra eta bere ingurua; hizkuntzaren teknikak eta Irakaskintzako Lege Berria.

«Hizkuntzaren teknikak» puntu nagusi-nagusia denez gure kursillo honetan, Euskaltzaindiaren gidaritzapean egingo dugu ikastaroa. «Irakaskintzako Lege Berria»ri buruz, Karlos Santamaria jauna izanen dugu arduradun. Izan ere, berau bait da Euskaltzaindiaren (beraz, Euskal Herriaren) ordezkari Barcelonan dagoen Herri Hizkuntzen idazkaritzan.

Lekuaz, izan dugu eragozpenik (adibidez Loiolan); baina, azkenean, uste baino hobekiago moldatu gara, eta Iruineko Seminario Handia izanen dugu ostatu, nahiz lanleku, denok, udako ikastaldian.

Egunak, berriz, uztailaren 12 iluntzetik 23 eguerdi arte.

Kursillo bakarra izango da, baina bi sailetan banandurik: a) ttipien maila, b) lehen maila. Hala ere, zenbait gai komunak direnez, elkarrekin ikasiko ditugu.

Lanera, gaiak, ordainketa, matrikulatzea eta beste xehetasunen

berri jakiteko, ikus programa papera; eta, ez baduzu, eska zazu zuzenbide honetara: Arantza Arrieta edo Nekane Sagastume. GORDAILU. Bergara 3, ezker. DONOSTIA.

Eta... bitartean, agur handi bat zerbaiten beharrean zaretenoi.

IRAKASLEEN ELKARTEAK


Alfabetatzea

Udako ikastaldiak

Azken hiru urteotan bezala, aurtengo udan ere, urtean zehar egindako ikasketak burutu nahirik, Nafarroa, Bizkaia eta Gipuzkoan eginen ditugu udako ikasketak. Euskaltzaindiaren babespean dira, uztailaren* 10etik abuztuaren 14era. Abuztuan, beste hogei eguneko saio bat izanen dugu, zenbaiten eskabidea betez.

Orain artekoak bezala, internado osoan eginak izanen dira. Lehenengoaren kostua 5.000 pezetan ipini dugu; bigarrenarena 3.000 pezetan. Prezio honetan egona ere ordaintzen ez denez gero, ahal duenari laguntza handiagoa eskatzen diogu; ezin dutenentzat bekak eta erdi bekak bilatzen saiatuko gara.

Mailak

A. Altunaren lehenengo 8 ikasgaiak eman dituztenek edo urte batez euskara ikasten aritu direnek osotuko dute.

B. Altunaren metodo osoa ikusi dutenek.

C-a. Euskara ongi ulertzera iritxi direnek, baina hitz egiteko erraztasunik gabe.

C-b. Hitz egiten ttikitatik edo ondo dakitenek, baina gure hizkuntzaz sakonkiago jabetu nahi dutenek.

Matrikula bezala, 1.000 pezeta bidali behar dira. Ekainaren* 20an bukatuko da matrikulatzeko beta. Argitasun gehiago eskatzeko:

ALFABETATZE BULEGOA

Academia de la Lengua Vasca

Ribera, 6.

Tel. 212745

BILBAO-5


Alfabetatzea

Baionako Astea. Euskal kultura gaur

Euskal erakustokian (musée basque)

Marengo karrikan, Baionan.

UZTAILAREN 3-etik 8rat

3 a

Larunbata.

BAIONAKO FERIAN:

Primak euskal lanentzat: liburu, artikulu, kantu.

4 a

Igandea.

BESKOITZEN:

Joannes Leizarragaren 400 garren urteburua.

5 a

Astelehena.

10 etan

 Kultura zer da gaur?

17 etan

 Kultura zer da gaur?

Kultura aldaketak lehengo euskal herrietan.

6 a

Asteartea.

10 etan

 Marxisma sartzen ari: zein, nundik, nola?

17 etan

 Industrial lanbide berriek, zer kultura ekartzen.

7 a

Asteazkena.

10 etan

 Lur lan molde berriek zer lur gizon berri sortzen?

17 etan

 Pertsulari beharrik badugunetz?

8 a

Ortzeguna.

10 etan

 Ikastoletarik zer atera?

17 etan

 Soziologoen hitza.

Bestalde arratsetan

21 orenetan:

 Buruz-buru-ka: marxismaz Mahain biribilak: teatroaz, olerki ta kantuez kazeta, aldizkari ta entzun ikuskiez. (audiovisuel).

Jana eta loa nahi duenak, iragan urteko prezioztan, idatzi dezala Baionako Astea, Musée Basque. 64 BAYONNE.


Ikastola

Haur baratzeak

Ikasgela

«Jardín de Infancia» edo Haur Baratze batean aurkitzen diren haur guztiak adin* batekoak dira, eginkizun berdinetarako joera dute eta jarduteko eskubide berdinak ere bai. Ikasgela bateko haurrek talde bat osatzen dute. Familia bateko haurrek ere talde bat osatzen dute. Baina etxeko talde hau hestuagoa da, hertsiagoa* da, ume ttikien neurrira mugatua da; eta, horrez gainera, lotura sakon bat dago talde hau osatzen duten guztien artean. Haur Baratzeko taldea etxekoa baino zabalagoa da, eta taldekoen artean dauden loturak ez dira etxekoak bezalakoak. Haur baratzeko loturak, adin berdin batek eta auzo berdin batean bizitzeak ematen dituenak dira. Lotura hauk* ez dira batere sakonak; oinarri kaxkarra ematen dute, umeen elkartasuna lortzeko. Orduan, zer egin? Lotura hauk sendotzeko behar diren kondizioak jarri behar ditugu. Giro hain desberdinetatik datozen haurren artean, elkartasuna eta adiskidetasuna sortu behar da.

Hain beharrezko den giro berri hau sortzea, ez da batere erraza. Haurren artean desberdintasun nabarmenak ikusten dira. Baten batek galdetuko du: Umeen arteko desberdintasunak nola izan daitezke hain handiak? Begira: Alde batetik, ume bakoitza bere nortasun berezia osatzen hasia da; bestetik, Haur Baratzera agertu orduko, bere etxean heziera* berezi bat hartua du, etxeko giroak sortzen duen berezitasuna bereganatu du. Umeen arteko desberdintasunak elementu guzti hauetan oinarritzen dira.

Haur Baratzeko ardura duen andereñoak, guzti hau kontuan izanik, «gizarte berezi» bat sor erazten saiatu beharko du. Baina nola? Nola jarriko ditu umeen harremanetarako bideak? Haien arteko adiskidetasun eta begikotasuna* ikusitakoan, talde ttikiagoak egin beharko ditu, edozein gizartetan ikusten ditugun antzekoak.

Nortasuna

Lehen urratsak* ematen hasiak gara. Laster agertuko zaizkigu hainbat motatako umeak: inoren esanetara erraz makurtzen direnak, makurgaitz direnak, beti negarrez daudenak, bakartiak direnak, eta abar. Guzti hauen artean, talde bat osatu behar da. Horra hor hezitzaile* baten zeregin zaila.

Lehen urte hauetan, haurrak ikusten duen guztia berea balitz bezala hartzen du. Inoren gauzak errespetatzen ikasi beharko du, trukearen jokoa gordetzen eta batez ere gizarte barruko arauak* betetzen ikasi beharko du.

Garai honetan oraino, haurrek bakarrean jokatzeko joera dute, mundu desberdinetan bizi balira bezala. Baina, urte bat edo bi iragan* ondoren, gure lagun ttikiok elkarren arteko jokoetan murgiltzen dira, eginkizun konkretu baten inguruan elkartzen dira. Orduan andereñoak lagundu egin behar du, haurren arteko elkartasun hori zuzendu eta bultzatu egin behar du, eta elkarbide berriak sor erazi.

Mugimenduen heziera

Haurrak, bere bizitzako lehen hiru urteetan, mugimendua zer den berez ikasten du.

Laster ikasten du, esate baterako, gauza bati oratzen*, gauza hori eduki eta botatzen (azken hau batez ere, oso atsegin du). Berehala ikasten du zutik egoten, oinez eta lasterka ibiltzen eta jauziak* egiten ere. Mugimendu guztiok berezkoak dira, bizitzak berak eraginak.

Baina mugimendu hauk* egokiagoak, neurtuagoak eta gizatanez hornituagoak izan daitezen, ondo zuzendutako heziera bat behar du umeak. Mugimenduok bere borondatearen agindura moldatu behar ditu. Mugimendu bat hasten, zuzentzen eta behar denean geldi erazten ikasi behar du. Buruaz jarduten ikasi behar du.

Andereñoak, zeregin batzuk proposatuz, bideak jarriko ditu, umeak bere trebetasuna eta gauzak aztatzeko* eta bereizteko ahalmena desarroila dezan.

Paper zatiak ebakitzen eta zulatzen eta marrazkiak* egiten dituela, umeak emeki* emeki ikasiko du, bere pentsamenduen eta egintzen sinkronizazioa egiten.

Elkarrekiko gorputz-jardunekin, mugimendu koordinatuetarako trebetasuna edo trakestasuna azaltzen du, eta, geldi geldika, bera mugitzen den inguruaz jabetuaz doa.

Mugimenduen heziera beste askoren arteko eginkizunetariko bat da, eta beharrezkoa da, haurrek geroari begira behar dituzten oinarriak jartzeko.

Oharpena

Umeak oharkabean* ikusten ditu gauzak. Andereñoak gauzen arteko diferentziaz kontura erazten dio, bai eta kolore, mugimendu eta ritmoaz ere. Ikasgelako ormak irudiz hornitzen dira; eta bertan, kaioletan, abere ttiki batzuk egoten dira, horrela umeak bizitzaren beste alderdi batzuez konturatzeko era* izan dezan.

Andereñoa urteko aro* bakoitzean izaten diren gauza bereziez baliatzen da, direla loreak, direla frutuak, interes zentroak sortzeko eta umeen ikasketari laguntzeko.

Denboraren neurketa

Umeak ez du denboraren neurria ezagutzen; ez du gaitasunik, egunak, asteak eta hilabeteak neurtzeko. Ezin kontura daiteke, eguna nola banatzen den. Berak nahikoa du, argi edo ilun den jakitea, gose den edo ez. Baina, apurka apurka, zehaztasun gehiago egin beharren aurkituko da, eta hori ikastolan ikasiko du. Goizetan behar den orduan jaiki beharko du eta ikastolara egun guztietan ordu berean sartu beharko. Ikasgelan egon ondoren, jolasalditxo bat izango du, eta, beste gauza batzuk egin ondoan, eguerdia dela konturatuko da, eta honela egunaren zatiketa egiten ikasiko du.

Aste barruko egunekin ere berdin jazoko* da. Gurasoekin osorik pasatutako igandeari, saminez beteriko astelehen goiz bat jarraitzen zaiola ikasiko du. Bizitzak dituen «Konstanteak» neurri berdin batean gertatzen direla konturatuko da.

Gauza guzti hauek eremu* abstraktu batera eroaten* dute haurra: lehengoa, oraingoa eta gerokoaren bereizkuntza zehatza egitera. Esplikazioen bitartez oso zaila den bereizkuntza hau erraz lortzen du, eta horrela ikaskizun sakonagoak egiteko bidea zabaltzen zaio.

Haur Baratzearen zatiketa

Haur Baratzeko eginkizuna eratzerakoan, umeen adina eduki behar da kontuan. Talde bi egin daitezke: bata hiru urtetik bost urterartekoena, eta bestea bost eta sei urtekoena. Horrez gainera, ume asko izanez gero, beste zatiketa mugatuago bat egin daiteke klasearen barruan.

ARANTZA

daitezke, daitekez

dezan, daian

dio, deutso

zaio, jako

zaizkigu, jakuz


Kantariak

«Oskorri»: kantari talde berria

Orain hilabete bat dela, «Oskorri» deritzon talde berri batek bere burua agertu zeukun Deustuko Unibertsitatean. Taldea osotzen zutenak hauxek ziren: Itziar, Natxo, Imanol eta Juanma. Itziar eta Natxo lehendik ezagutzen genituen, baina beste biak ez; eta honez gero zinez* esan dezakegu, besteak bezain onak direla. Talde honetako guztiok, Itziarrek ezik (lehendik daki eta), euskara ikasi edo ikasten dute, beren buruak zin zinez euskalgintzan murgilduta daduzkatela nabariro* erakusten daukutelarik.

Berauen presentazioan elkarrekin egon ginen, eta ondorengo galderok egin genizkien.

— Nola sortu da «Oskorri»? (Itziarrek erantzun)

— Talde bat eratzeko asmoa aspaldian genian. Natxo eta biok ihazdanik* ari gintuan elkarrekin kantatzen, eta gerotxoago Juanma eta Imanol etorri zitziaizkiguan. Guk geuk oraino jende gehiago etortzea nahi genikek, gure ideia ez baita*, kantatu besterik egingo ez dukeen talde bat lortzea, baizik eta musikazko teatro talde gisako bat eratzea.

— Guti gora behera, ezaguna ziaigun Natxoren jokabidea. Oraingo talde oso hau ere bide beretik segituko da?

— Bai, baietz uste diagu behintzat. Gainera, elkarrekin ari bagara, horrexegatik besterik ez duk: alegia*, helburu berbera dugulako. «Oskorri»k, kultur talde bat den aldetik, gure Euskal Herriaren egiazko problemak adierazi nahi ditik; eta, talde bezala jokaturik eta jendearekin harreman zintzo eta zuzenetan ari izanaz, errealitatetik ahalik eta gutien aldenduko garela uste diagu.

— Zuen kantetarik batzuk herri xehearentzat agian* gaitz eta zail xamar direla uste dinagu. Egia esateko, zer moduzko jendeen gana heldu nahi duzue?

— Gure kantak jende guztiek adi ditzaten nahi genikek: beraz*, errazak izan daitezen. Gure nahia, injustizia ondoenik sentitzen dutenei kantatzea duk; hik aipatzen duan zailtasun eta eragozpen hori egiaz balego, segitu nahi dugun bidera bihurtuko gintuzke berriro.

— Zer da zuentzat euskaraz kantatzea? Euskaraz kantatzea bera nahiko zaitzue? Hau da: hitzak euskaraz egonez gero, zentzugabeko gaiak ere kantatuko zenituzkete?

Gurekiko*, euskaraz kantatzea, Euskal Herriak bere kultura propioari iraupen eta jarraipen bat emateko duen premiari egiten diogun erantzuna besterik ez duk. Gai hutsak kantatuaz, ez genikek euskal gizona lagunduko, oraingo gizarte honek jarri dizkion oztopo injustiziazkoak gainditzera; eta, honela, ez diagu uste, jokabide zintzo bat litzatekeenik, gure aldetik funtsik* gabeko kantak egitea, berauk euskaraz eginda egon arren.

— Guztiok diakinagu, euskal musika, kreatze gabeko sasoi luze batetatik pasatua dela. Oraingoan ere euskal kantari asko errentetatik bizi ditun, lehengo aire zaharrak behin eta berriro kantatuaz, bat ere berririk ekarri gabe. Nolako lana da, «Oskorri»k Euskal Herriari eskaini nahi diona?

— Memento honetan kantategi herrikoiak estudiatzen ari gaituk, honela, euskal kanta jatorraren trajektoria sakonki ezagutu eta gero, egiazko euskal kanta moderno bat krea dezagun, kanta zaharretan itota gelditu gabe. Hala ere, gure melodia batzuk Azkueren kantategitik atera dituk; baina oraingo modura moldatu ditiagu pixka bat, puntu berriak gehituaz eta oraingo instrumentuekin jotzeko saioak eginaz.

— Zer diozue kantariari zor zaion diru ordainaz?

— Gehienetan euskal kantaldiak, ikastola eta honelako gauzetarako diru laguntasunak biltzeko antolatzen dituk; beraz*, oso gutitan pagatzen ziaiok zerbait kantariari (gure kasua, behintzat, hauxe duk). Duda gabeko gauza duk, ordea*, kantariak halako premia batzuk dituela, gero eta aurrerago joango bada, hala nola liburuak, instrumentuak, ikastaldiak, eta abar. Hau gertatu arren, kantariak ez likek ukatu behar jaialdi hauetara joatea; baina, bide batez, gauza ona lukek, jaialdi berauen eratzaileek ere kantarien premiak ere kontuan hartzea.

— Zenbait euskal kantariri buruz kritika asko entzuten ditun, batzuk dirua dela eta, beste batzuk gai eta beste gauzez ere. Zer deritzozue zuek guzti honi?

— Kanten mamiaz den bezainbatean*, ba dituk kantari batzuk, batere sakonak ez direnak, batzuetan kezka askorik ez dutelako, eta beste batzuetan kantari komertzialak direlako. Euskal kanten komertzializazio hau herriaren premien kontra doala uste diagu. Ba dituk beste batzuk, beren lana serioskiago planteatzen duten arren, agian* Herriaren ulermenetik urrun geldi* daitezkeenak, bai beren formen gatik edo bai mamiagatik ere. Baina, jakina, berau kantari guztien gainetik dagokeen* arrisku jeneral bat dukek; eta, beronetatik ihes egiteko, ezin beharrezkoagoa diagu jendearekin harremanetan ibiltzea.

A. EGUZKITZA

1. Hiketa gabekoak

daitezke, daitekez

daukute, deuskue, digute

dezagun, daigun

dezakegu, daikegu

dio, deutso

dogu, deutsagu

ditzaten, daiezan

genizkien, geuntsezan

zaio, jako

zaitzue, jatzue

zenituzkete, zeunkeez

zeukun, euskun, zigun

2. Hiketa maskulinozkoak

diagu, dugu

ditiagu, ditugu

ditik, ditu

dituk, dira

duk, da

dukek, dateke*

gaituk, gara

genian, genduan, genuen

genikek, geunke, genuke

gintuan, ginen

gintuzke, ginateke

likek, leuke, luke

lukek, litzateke

ziaiok, jako, zaio

zitziaizkiguan, jakuzen, zitzaizkigun

3. Hiketa femeninozkoak

diakinagu, dakigu

dinagu, dugu

ditun, dira

ziaigun, jaku, zaigu


Liburu Berria

Oihenarteren euskal lanak

«Irakur Sail euskal editorial etxe gazteak klasiko honen obra eskaini dauku oraintsu, «Atsotitzak eta Neurtitzak» izenaz.

Arnaut Oihenarte (1592-1675) gure Axularren garaiko legegizon jakintsu, historiagile eta euskaltzale porrokatua genuen; eta, hala ere, orain arte ez ziren haren lanak jendartean oso ezagunak. Laudorioak* merezi ditu, argitarapen hau posible egin duen editorialak eta bai edizio hau prestatu eta zuzendu duen Larresoro jaunak berak ere.

Hitzaurre bikain batez hornituta dago liburua, Goihenetxe jaunak egina, hartan Oihenarteren bizitza eta inguru historikoa zehatz-mehatz azaltzen direlarik. Biziki* interesgarri deritzogu beroni, idazle baten obra, haren bizitza-, historia- eta giza ingurua jakin gabe, nekez adi daitekeelako.

Liburuak bi parte ditu. Lehenbizikoan Atsotitzak edo errefrauak (892 esaera zahar guztitara) agiri dira, euskara zaharrean idatzita, berez nekez ulertzekoak, baina Larresoro jaunak ezin hobeki esplikaturik dakartzanak. Argitasun eta esplikazio guztiak oraingo euskaraz esanda daude, edozeinek aditzeko moduan. Txalorik beroenak ematen dizkiogu haugatik Larresorori, zeren* azalpen hoiekin argi eta garbi frogatzen* baitauku, euskarak ez duela erdararen premiarik, bere burua definitu eta azaltzeko. Orain arteko maisu zaharrek, ordea*, euskara esplikatzerakoan, beti erabili daukute erdara. Larresorok, duda gabe, exenplo eta lezio ederra eman die guztiei. Ikasiko ote diote, baina?

Esaera zahar hoik* ez dira denak Euskal Herrikoak, jatorriz behintzat. Ba dira batzuk, beste hizkuntza batzuetatik itzulita daudenak; baina Oihenartek, ohi ez bezalako maltzurkeriaz, esaera zaharretan aditz* sintetikoak ugariagoak direla ohartzean*, berak sarri askotan bere burutik ateratako formekin itzultzen zituen, itxura jator eta egiaz zaharra eman nahirik. Honela, etsi, utzi, ebaki, ikuzi, ikasi, erori, jaiki, jaitsi, erosi eta honelako aditzak konjugatuak agertzen dira; eta ez dirudi, berauen formak beti fidagarri diratekeenik. Dena dela, ba dira beste aditz sintetiko asko (erakutsi, erahantzi, ikusi, entzun, eritzi, irakin, eman, etzan...) gaur guztiz hilda edo guti erabiliak direnak, orduan maiz eta edonon usatuak. Hizkuntzaren posibletasun zaharrak ederki erakusten ditu bederen*. Erdi Haroko euskal hitzak ere franko dakartza liburu honek: ezkutari, abokatu, bidaide, gogaide, bilaun, kortelari...

Esaera hauen balioa, ordea, linguistikazko balioez gain, oso bestelakoa da, hots*, herri pentsaera jatorraren (batzuk beste hizkuntzetatik euskaratuak izan arren) zuhurtzia, piperra, malizia eta usteen adierazpena, ordukoen gogoeten berri dakarkiguna.

Bigarren partean Oihenarteren gaztaroko poesiak (neurtitzak, berak esan bezala) daude, oso bertso finak eta landuak, bai eta Jainkozko gaiezko poesiak ere, eta azkenik lagun batzuei eskainiak ere. Oihenarte geure lehen garbizalea dugu; baina zinez* esan daiteke, bere kulteranismo hartan ohi ez bezalako trebetasunaz zerabiltzala gure hizkuntzaren ahalmenak eta aberastasunak, bai joskeraren*, bai lexikoaren eta orobat* aditzaren aldetik ere. Oihenarte sasoi hartako seme jatorra zen, kulteranista, barroko eta humanista, Espainiako Gongora bezala (1561-1627).

Kritikoek ba diote, haren poemak hotzak eta burutikoegiak direla, bihotz eta sentimendu guttikoak; baina batzuk, hala ere, ezin ederragoak ditu, agian* euskaraz egin diren hoberenak. Ikus, esate baterako, nola azaltzen dauzkigun bere andrearen edertasunak.

Oi zerik du sudurra?

Ez egi, ez apurra,

xorhi, begi-ongarri.

Hala hala muturra.

Ezpainak, arros'orri

gorriak bezain gorri.

Hortzak, aitzintzen

xuriz ezein esne isurkorri.

Hau da: Oi, nolakoa du sudurra? Ez gehiegia, ez apurra, txukun, begi-atsegingarri. Halaxe du ahoa, musua. Ezpainak, arrosa-orri gorriak bezain gorri. Haginak, zuritasunez edozein esne isurkorri aurrea ateratzen diotenak.

Oso sentikorrak dira halaber*, «Elsa Scheelen» nobelan Txillardegik berak ohar erazi zituen puntu biok:

Hiltzea gaitz da; gaitzago, baina,

maite ukan eta ez maite izana.

Oihenarte ez da edonolako poeta bat. Haren bertsoak, egia da, batzuetan kontzeptistegi dira, eta buru lan pixka bat eskatzen daukute; baina ederki erakusten dute beti, nolako sakontasuna adieraz dezakeen, bere hizkuntzaz ongi baliatzen dakien euskaldun batek. Eredu* imitagarria Oihenarterena. Ba dirau haren lanak denboran zehar, eta iraungo ere, euskaldunok diraugun artean.

Edozein euskaldunentzat ezin gomendagarriagoa dateke* klasiko hau.

Ba dakigu, bestetik, bai Etxeberri Sarakoaren obra guztiak eta bai Leizarragaren lau ebanjelioak ere inprentara eramateko prest daudela. Geure urrezko mendearen* beste klasikoen artetik Tartas-en «Ontsa* hiltzeko bidea» eta Etxeberri Ziburukoaren beste lanak («Noelak» oraintsu argitaratu baitira) falta ditugu. Editorial berriak ez dira urri aspaldi honetan; ea laster klasiko guztiok salgai ikusten ditugun.

Egia da, batzuetan berauen gaia aspergarri xamar egiten dela; baina bestetik, hor han hemenka, harri bitxi eta ustekabeko edertasun asko topatzen dira liburu hoietan. Gainera, aurrerako bidea egin baino lehen, beharrezkoa zaiku, lehenagokoek zer material eta nolako bidea egin daukuten ikustea. Agian* ez dateke haien obra osoa arbuiagarri*. Nora goazen jakiteko, nondik gatozen jakitea ez datorke inoiz gaizki.

Larresororen hurrengo obra, «Hizkuntza eta pentsaera», linguistika estrukturalistazko saio bat izanen dena, laster agertzeko omen* dago. Langile dabilkigu egilea aspaldion. Ba dugu gogoa, berau ere ikusteko. Noizko berau?

XABIER KINTANA

dakartza, dakaz, dakarzki

daude, dagoz

dauku, deusku, digu

daukute, deuskue, digute

dauzkigu, deuskuz, dizkigu

dezake, daike

die, deutse

diote, deutsoe

dizkiogu, deutsaguz

zaiku, jaku, zaigu


Bertsolariak

Diaz de Ulzurruneri gutun idekia

Otsaileko* «Príncipe de Viana» aldizkarian eta martxoaren hamaikako «Diario de Navarra» egunkarian «nafar hizkuntza» orrian argitaratu ziren zure idazlanen jarraipena izan nahi leukee nire solas honeek.

Ongi dinozu bertan Narbarte bertsolariaz: «Geure artean dugunean, kasu gutxi, eta, betirako alde egin duenean, geure inguruan euki nahi izan». Halaxe gertatzen da, bai; eta aurrerantzean ere halaxe gertatuko da, ahal daben norbait edo norbaitzuek, batzuen nagikeriari, besteen nahi ezari eta beste batzuen axola* ezari behar dan legezko hesiren* bat jarri arte.

Bizkaian urtero bertsolari batzar bat egiten da. Batzar honetan (hamargarrena ospatuko da aurten) urtero proposamendu ugari egiten da; baina gutxi edo ezer gutxi egitea lortu. Ba dira sei bat urte, bertsolarien elkar laguntza bezala, urtero diru apur bat eman eta beharrizan gorritan inor aurkitzen zanean laguntza egiteko, kutxa bat egitea aipatu zala; baina bertsolari goikoek, diru banaketa zaila izango zala ta, ezeztu egin eben ideia hau. Bai eta, Euskal Herriko bertsolari guztiak batzeko, elkargo bat egitea ere esan izan da hainbat alditan, eta beti berdin gertatu da. Joan dan urtean, bertsolariak elkartzeko, eta, nahiz herriz herri kantatu, nahiz paperetan jarritako bertsoen berri jakiteko asmoarekin, aldizkari bat ateratzea proposatu eta onartua izan zan; baina, ahaleginak gora-behera, erabaki honek ere asmo on guztien bide berdina daroa.

Konturatu gaitezen, bertsolaria euskara biziaren indar bat dala. Eta alfer alferrik direla aldizkari, liburu, ikastola, kanta eta gainerako ekintza aipagarri guztiak, euskara hitz egiten ez bada. Eta bertsolaririk gehienek, guztiek esango neuke nik, hitz egiten dabela.

Bertsolarien gaurko egoera triste eta beltz honen errespontsable nagusiak bertsolari jaunak dira. Bai, bertsolari gorenak, aurrerenak, txapelketa nagusietara heltzeko zoria* noizbait izan ebenak, guztiak ez badira ere.

Ba dirudi, batzuek gehiago txapelketarik egiterik ez dabela nahi, noizbait lortu daben aulkitik inork eraitsi* ez daizan. Baina egia hauxe da: bertsolari bezala erdietsi* daben graduaren pare, gizontasun eta euskal kontzientzian graduatzea lortu balebe, edo, hobeto esan, Euskal Herrian bertsolaritzaren iraupena nahi balebe, iraupen hori lortua legokela.

Inoiz baino larriago dago bertsolarien iraupena. Bertsolaria beti izan da bere herri eta ingurukoen aurrelari, buru, aholku* emaile eta giza bizitzaren argibide. Gaur ez da hola. Gaur, bertsolaritza folklore bihurtzea nahi ez bada, bertsolariek ikasi egin behar dabe. Lehen, bertsolari jaiotzea nahikoa zan; gaur jaio eta hezi* egin behar da.

Hara! Hemen ditugu lehengo mendi, huri, zelai, ibai eta maldetako* baserri txuriak. Hemen, eta oraindik bizirik mundu honetan, gure euskara zaharra. Hemen lehena eta oraina. Baina giroa aldatu egin da; eta bertsolariek gaurko girora jarri beharra dabe, bertsolaritzaren irautea nahi bada. Eta zuk dinozuna («geure artean dugunean, kasu gutxi, eta, betirako alde egin duenean...») gertatu ez dadin, lehendabizi bertsolarien elkarte bat sortu behar dala uste dot. Elkarte hau legepetu, eta bertsolari guztiak batu. Gero, batasun hau, gaurko Euskal Herriak joan behar dauan bideetatik zuzendu ahal leukeen norbaitzuk bilatu, eta arlo honetan arduratzea lortu. Bertsolari gazteentzat txapelketak jarri. Hau nahitanahiezkoa litzateke, gazte izan bako zaharrik ez dago ta. Hemen hainbat alditan proposatu dogu asmo hau; baina ez da ezer egin gaur arte, eta egiteko ere taxu gutxi ikusten dogu. Ea noizbait asmo honeek egia bihurtzen diren!

Elkarte honek Narbarteren izengoitia eraman* leike, gure «Xalto» zanaren oroipenak betiko iraun daian. Gure laguntza izango zeunke.

Euskal Herriaren alde benetan dagoz Nafarroa eta Bizkaia; eta alderdi honeetan bertso giro zintzo ta jator bat lortzea nahiko litzateke, gainerako guztiek ere bide hau hartzeko. Zure berrien zain gelditzen naiz. Agindu!

DEUN ORO


Jainkoaren Giza-Eliza

450 urte duela: Lutero Worms-en

Askatasunerako burrukak pasadizo asko egin du, eta aurten halako bat goraki aipatu da: Pariseko «commune» delakoa. Beste bat, Karlos Va ta Lutero, Nibelungoen Worms-en, elkarren aurrez-aurre egon ziren egunaren 450. urteburua da.

Luteroren idazkiek Alemaniako herri xehean, jaiotzen ari zen burgesian eta zergaz* lotu ta esplotaturiko noblezian harrotzen zituzten hauts eta haizeak baretzeko, neurri guztiek porrot egin izan zuten beti; eta gorabehera hau behin betiko garbitu beharra zegoen, inperio erromatar-germanikoan atzera* ordenu zaharra ezarriko bazen.

Karlos Va, Kaiser izendatu berri ta, dirudienez, oraino frantsesa bakarrik menderatzen zuen Espainiako Errege ta Alemaniako Kaiser, jatorriz flamenkoa, 21 urteko zen, eta urtetan baino haundiago anbiziotan. Lutero 38 urteko, ezpataz gabe luma arin eta zorrotzez eta kontzientziaren inperio desarmatuan bakarrik agintzen zuen agustindar monjea, kobre-meatzari* eta ez, berak sarri dioen legez*, nekazari baten semea zen.

Karlos Va, Alemaniako Kaiser izendatu izana (bere lehenengo Kaiser-Biltzarra egitera zetorren Worms-era), Augsburgoko bankariek milioi bat florin urrezko pagatutako «Jaungoikoaren grazia» zen. Aita Santuari batere graziarik egiten ez zion grazia, gainera. Habsburgotarrekin hasarreturik, Aita Santuak Frantziagaz konpontzeko keinuak egin zituen, mutiko Kaiserra ikaratzeko edo; eta baita laster Frantziak Aita Santuaren itzalpean Nafarro-puska bat afaltzeko gogoa berbiztu ere.

Frantziaren eta Aita Santuaren arteko «flirt» hauk mozteko, Karlos Va Luteroren hauzi gogaikarria likidatzeko pronto agertu zen, horrela Erroma bereganatzeko ustez. Leon Xa eta Karlos Va berehalaxe bateratu ziren. Worms-eko Kaiser-Biltzarrak (dietak) kondenatu egin zuen Lutero. Kondena hori ez zen arrazoi politikorik gabekoa: Frantzia tenaza artean jartzen zuen (Espainian eta Alemanian Karlos Va nagusi izanik), eta protestantismoaren kontuan Frantziaren jokabideak oportunista izan beste erremediorik ez zuen edukiko aurrerantzean. Eta karia* politiko gehiagorik ez zen falta.

Mendez* mendeko katolizismoan, eta batez ere gure artean, teologia erraza izan da, Luteroren «imajinazio deabrukeriazkoak» deabrutaratzea. Aurten, hala ere, Worms-en ekumenismo-giroan ospatu da 450. urteurrena. Gertakari* honek Luteroren gorazarre bat permititzen badauku, bere oinarriaren inportantzia gogarazi beharko genuke aurren-aurrenik.

Luteroren zenbait* eritziren kritika eginda dago; eta, bere kontrarioak santu ez ziren bezalaxe, Lutero ere demagogo, buru-bero, egoskor* eta abar zela ere gauza jakina da. Guttiago ezaguna! Lutero teologo, musiko ta literato aparta ere ba zela. Baina bere ohorea* beste nonbaitetik dator batez ere: «fedea bakarrik» predikatuz, kontzientzia esaten zuen; eta, Jainkoa hain radikal hartuz, gizona hartzen zuen radikal, radikaltasun honekin humanismo errenazentista guztia jo ta pasatuz.

Worms-en ez zeuden —geroxeago legez— bi Eliza, batak bestea kondenatzen, Eliza baten barru hautsia baino. Hau da, Elizaren barruko Aginpide erakundezkoaren* eta kontzientzia kargaz penatuaren arteko gatazka*. Aginpidezko ta erakundezko soineko dotorez eta ezpataz edo buldaz* armaturik zetorren Eliza ta hauzitegira botatako kontzientzia amorratua. Luteranismoaren iraultza* ez baitzen gertatu elizazko nahiz politikazko Aginpideak hartaraxetu gabe.

Kaiser-Biltzarrak bapo mehatxatu* arren, Luterok ez zuen bere irakaspenik erretiratu. Gertakari* honengatik sarri hartu izan da Lutero askatasunaren eta demokraziaren aitzindari* moduan. Zentzu hertsian* Luterok ez zuen askatasunaren burruka abiatu. Eta, nau laborariek* abiatutakoan, ulertu ere ezin izan zuen. Baina askatasunerako burruka orok* Elizan eduki behar duen oinarri trinkoa* hauteman eta formulatu, bai, egin zuen: kontzientziaren agindua. Aginpidea zen bere juezen arrazoiharria, kontzientzia berea. Kaiser-Biltzarraren aurrean esan zituen edo esan omen zituen hitzek ederki erakusten daukute: «Hemen nago ni. Nik ezin dut besterik. Jaungoikoak lagun dakidala, amen». Eta bere besteok: «Arriskutsua da norbere kontzientziaren aurka ibiltzea».

Martirien egunez gero, lehenengo aldiz superbizitzen zen sozialki, berehalaxe indarrak zanpatu gabe, kontzientziaren eta Aginpidearen kontraesana. Horrexek bakarrik ere, luteranismoaren mugak erruz* gainezkatzen dituen merezimenduz betetzen du Doktore Martin Lutero Eisleben-goa.

Baina, Euskal Herriko eskola inondik ere ekumenismoan guztiz aurreraturen batzuetan, oraindik ere Lutero basa-gizon ikaragarri gaiztoa zela irakasten omen* da. Eta predikariren batek ba omen daki, luteranoak ifernura ei* doazela ere...

Jakituria zaharra da, zerurako bidea erpin* eta meharra* dela. Ifernurakoa, ostera*, errege-bide zapal eta zabala. Orduan, luteranoek gabe, errege-zaleek ibili beharko lukete kontuz apika*.

JOSE AZURMENDI


Kanta Zaharrak

Forjarien Kanta

Urte asko dira Eibarko kanta zaharrak biltzen hasi nintzela, eta orduan atxeman nion forjarien kanta zati bati. Mende* honen lehen partean huelgetan kantatzen omen* zen. Zati hura* «Igela» aldizkarian argitaratu zuen Peillen-ek (ikus «Igela», 1. zenbakia, 5. orrialdea, 1962.eko otsailekoa*, Paris).

Geroztik, Agustin Retenagak gehitu zeutan beste zati bat, baina oraintsu arte ez dut izan osatzerik. Pepe Bulunbururi eskerrak, osatu ahal izan dut; berak, pazientzia handiz, erretiroa hartuta dabiltzan zaharren artean bete ahal izan du nire antzinako gogoa.

Eibartarrek, bertsogintzan jarduten dutenean, Gipuzkoako euskaraz egin ohi dute; eta hemendik sortzen zaiku kanta honen jatorriaren zalantza*. Egin ditugun galdeetatik, batzuen iduriz, kanta hau bertan sortua daiteke; baina, beste batzuen iduriz, Mondragoe aldetik ekarria omen da.

Eibarko lehenengo huelga 1897.ean izan zen, Kintana anaien lantegitik, edo, hobeto esan, lantegiagatik sortua. Bertako gertakariak*, xehetasunez*, Toribio Etxebarriak, bere «Viaje por el país de los recuerdos»en, 23-25 orrialdeetan emanak ditu (Mexiko, 1968). Beharbada gehiegizkoa litzateke orduan kantatzen zela esatea, baina beharbada bai. Geroztik, 1913 eta 1920.ean egin ziren huelgetan bai, orain bizi diren zaharrek diotenez.

Beraz, kanta honek ba du bere garrantzia gure sozio-historiarako. Bertan nabari* den gogortasuna, libertade eta justiziarekin bat-batean jabetu den herriarena da, sozialismoa eta anarkismoa herriaren bidegurutzean aurkitzen ziren garaikoa. Gure historiarako, ez dago dudarik, baliozko agiria* dugu.

Bere doinua magnetofonoz hartua dugu, eta gaurkoz letra soilik* emanen dugu. Hona hemen:

Gaur forjariak lana utzita

gatoz guztiok kalera,

labeak oso itzaldurikan

jaikera bat egitera,

maillu, burdin ta gaiñerakoak

botarikan bazterrera;

ez degu nai guk berrido sartu

leengo tokira lanera.

Dinbili danba! goiz eta gabe,

su eta keian tartean,

sosegu eta deskantsu gabe

gure buruen kaltean;

orregatikan lanak utzita

gatoz guztiok batean.

Gora ta gora beti, gora forjaria!

langille trebe zintzo da maillukaria.

Lurpera ta lurpera beti nagusia!

ez digute egingo eurak nai guzia.

Ez badigu ematen arrazoia guri,

ez badigu ematen bear aiña ongi,

sua emango diogu gure fabrikari

eta nagusiaren etxe guziari.

 Iru babarrun jatiagatik

 orrenbeste neke, pena;

 erdi auldua arkitutzen da

 forjariaren barrena.

 Gure kontura egin oi dute

 nagusiak nai dutena,

 langilleen bizkarretik gizendu

 dute beren poltsa dena.

 Oso goizetik lanian asi

 su eta keian tartian,

 dinbi ta danba! gelditu gabe

 guztiz illundu artian,

 erropa denak puskatzen eta

 osasunaren kaltian.

Ez badigu guri jornalik aunditzen,

berrido gu ez gera lanera biurtzen;

arrazoiakin degu geiago eskatzen,

iñorgandik ez gera gu ikaratutzen.

Ez badigu ematen arrazoia guri,

ez badigu ematen bear aiña ongi,

sua emango diogu gure fabrikari

eta nagusiaren etxe guziari.

JUAN SAN MARTIN

Biltzaile eta ohargile


Ikasi zeure Hizkuntza

Hiztegia

Ale honetan izartxo bategaz agertzen diren berbak

ADIN, edade.

ADITZ, verbo.

AGIAN, seguramente, probablemente.

AGIRI, documento.

AHANTZ, ahantzi, ahaztu.

AHOLKU, kontseilu, consejo.

AHULERIA, makaltasun.

AINA, beste, bezainbat.

AITZINDARI, pionero, precursor.

AITZITIK, al contrario.

ALA, arau, arauera, según.

ALDEZ EDO MOLDEZ, de una manera o de otra.

ALEGIA, a saber.

ALOR, arlo.

AMARRU, astucia.

ANAIARTE, hermandad. (Arabako herrixkek elkarren artean egiten eben politikazko erakundea*).

ANTZOKI, teatro.

APIKA, beharbada, acaso, tal vez.

ARAU, erregela.

ARBUIAGARRI, despreciable.

ARETO, sala, salón.

ARO, época, estación.

ARRAS, guztiz, oso.

ARRASATE, Mondragoe.

ASKI, nahiko.

AT, kanpo, fuera.

ATZERA, berriro.

AXOLA, ardura.

AZTATU, tocar, palpar, sopesar.

BAHITEGI, penal.

BAITA, bait da, da ta.

BAPATEAN, bat batean, repentinamente.

BATIPAT, batik bat, batez ere, bereziki.

BEDEREN, gutienez, behinik behin.

BEGITASUN, simpatía.

BERAZ, hori dala ta, por consiguiente.

BEZAINBATEAN, en cuanto a.

BILDU, batu.

BILDUMA, colección.

BIZIKI, guztiz, oso.

BORTITZ, sendo, indartsu.

BOTERE, poder.

BULDA, bula.

BULEGO, oficina.

DAGOKE, dago nonbait.

DASTATU, gustar, degustar.

DATEKE, da nonbait.

DATZA, yace, está, consiste (etzan aditzaren* forma).

EBASKERIA, lapurreria.

EGOSKOR, egosteko gogor.

EI, omen.

EKAIN, junio.

EKIALDE, eguzki alde, Este.

EMEKI, geldiro.

ERA, ereti, abagadune, parada, ocasión.

ERAITSI, jaitsi, eragin, hacer bajar.

ERAKUNDE, estructura, institución.

ERAKUNDEZKO, institucional.

ERAMAN, eroan.

ERDIETSI, ardietsi, lortu.

EREDU, modelo.

EREDUZKO, ejemplar.

EREMU, terreno, espacio.

EROAN, eraman.

ERPIN, empinado.

ERRESUMA, erreinu, estadu.

ERRUZ, eurrez, en abundancia.

ESKUALDE, comarca.

ETSAI, arerio, enemigo.

EUSKALZAIN, académico del euskera.

FROGATU, probar, demostrar.

FUNTS, barru, barne, substancia.

GALBAHE, criba, cedazo.

GATAZKA, disputa, debate.

GELDI, gelditu (potentzialetan).

GERTAKARI, gertaera, jazoera, suceso.

GORAZARRE, elogio.

GUREKIKO, gure ustez.

HAATIK, hala ere, sin embargo.

HALABER, orobat, igualmente.

HARAN, valle.

HAUK, honeek (hauek aktibo, hauk pasibo).

HEDATU, zabaldu.

HELBURU, fin, objetivo.

HERTSI, hestu.

HESI, cerca, valla.

HEZIERA, heziketa, educación.

HEZIKETA, heziera, educación.

HEZITZAILE, educador.

HIRI, huri, ciudad, villa.

HODEI, hedoi, nube.

HOIK, horreek (hoiek aktibo, hoik pasibo).

HOTS, es decir, a saber.

HURA, ha.

HURBIL, hur.

IDAZKARI, secretario.

IDORO, eriden, aurkitu.

IGORRE, Yurre.

IHAZ, igaz.

IHAZDANIK, igaztik.

ILE, ule.

INKESTA, encuesta.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAULTZA, revolución.

IRAULTZAILE, revolucionario.

IRUZUR, engaño, fraude.

ITAUN, galde, pregunta.

ITZULEZ, alderantziz, al revés.

JALKI, atera, irten.

JAUZI, salto.

JAZO, gertatu, suceder.

JOSKERA, sintaxis.

KARIA, zio, motivo.

KENKA, kinka, situación crítica.

LABORARI, nekazari.

LAR, larregi, gehiegi.

LARUNBAT, zapatu.

LAU, llano.

LAUDORIO, alabantza.

LAUTADA, llanada, planicie.

LEGEZ, lez, bezala.

LIZARRA, Estella.

LORRATZ, vestigio, huella.

MALDA, aldatz.

MARRAZKI, dibujo.

MEATZARI, minero.

MEHAR, hestu.

MEHATXATU, amenazar.

MENDATE, mendi ate, puerto entre montañas.

MENDE, siglo.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente.

MENEAN, menpean, mendean. (Azken hitz hau hobe ez erabiltzea, iluntasunik sor ez dadin. Ordenadoreen mendean = bajo el dominio de los ordenadores, edo, en el siglo de los ordenadores).

MINTEGI, vivero.

NABARI, evidente, patente.

NABARIRO, claramente, evidentemente.

NOSKI, naski, naturalmente, claro está.

OHARKABEAN, ohartu barik, konturatu gabe.

OHARTU, konturatu.

OHORE, honor.

OLA, fábrica.

OMEN, ei.

ONTSA, ondo, ongi.

OPOR, bakazio, bakantza.

ORATU, eutsi, agarrar.

ORDEA, en cambio.

ORMA, paret.

ORO, guzti.

OROBAT, igualmente.

OSTERA, ordea, berriz, en cambio.

OSTRUKA, avestruz, autruche.

OTSAIL, febrero.

SOILIK, meramente, solamente.

TRINKO, compacto, sólido.

TXIT, guztiz, oso.

UDAL, ayuntamiento.

UKAN, izan (aktibo).

UKITU, ikutu.

URLIA, fulano.

URRATS, pauso.

URUN, irin, harina.

USUTASUN, frecuencia.

UZTAIL, julio.

UZTARTU, buztartu.

XEDE, asmo, helburu.

XEHETASUN, detalle.

ZALANTZA, ezbai, duda.

ZANPATU, zapaldu, oprimir.

ZENBAIT, batzuk.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZERGA, contribución, gravamen.

ZINEZ, benetan.

ZORI, fortuna, suerte.

ZOZKETA, sorteo.

Imanol Berriatua


Ezagutu geure Herria (31)

Araba: Mendebaldeko Lautada

Arabako Mendebaldeko* Lautada*. Gasteiz eta Burgeluko udal* mugetan hasten da Ekialdetik* eta Mendebaldean Badaia mendietan amaitzen da. Hegoaldetik Gasteizko mendiek mugatzen dabe, eta Iparretik Gorbealdeko herriek. Iparretik puntatxo batek Leniz harana* ere ikutzen dau.

Eskualde* honen huriburua Gasteiz da. 390,431 km2. ditu zabaleran; eta horreetarik erdia inguru (199,172 km2.) Gasteizko udalarenak dira.

Gasteizko udala bere herrixkekin beste baterako utzita, sei udaletan batzen dira eskualde honetako 33 herritxoak: Arratzua-Ubarrundia, Mendotza, Iruña, Otoeta, Foronda eta Langrares. Guztitara 191,259 km2. ditue eta 3.518 bizilagun.

Eskualde hau Zadorra ibalak zeharkatzen dau, alde batetik bestera: Arratzu aldean hasten da, Foronda eta Mendotza Gasteiztik bereizten ditu, eta, Iruña eta Langraresen barrutitik igaro ondoren, Argantzoiko mendatean* sartzen da, bertan Lautada amaitzen dala. Beraz*, Zadorra ibaia da eskualde honen ezaugarririk nabarmenena.

Sei udal honeek Mendebal eta Iparraldetik inguratzen dabe Gasteiz, nahiz eta beronek Arratzu eta Ubarrundiko izandako herrixka batzuk bereganatuta euki. Antzina, Malizaheza anaiartekoak* ziren Gasteiz bera eta bere Hegoaldeko herrixkak. Beraz, idealki, Gasteizek eta beronen inguruko herriek osotzen dabe eskualde hau. Orain, bada, Gasteiztik askatuta jarraitzen daben 33 herrixkak azaltzera pasatuko gara.

Arratzua-Ubarrundia

59,953 km2. eta 899 bizilagun. Gaur, Arratzuko bost herritxok eta Ubarrundiko beste hainbestek osotzen dabe udal hau. Arratzukoak honeek dira: Arroiabe, Mendibil, Durana, Zurbano eta Artzubiaga. Ubarrundikoak: Landa, Betolatza, Ziriano, Luku, Uribarri eta Langara-Ganboa (Nanclares de Gamboa); azkenengo hau, lehenago Ganboa anaiartekoa. Azken gerratearen ondoren udal bitatik bat eginda, batasun gutxiko batasuna osotzen dabe biok, nahiz eta Durana herriburua erdian egon. Baserri herriak dira gehienbat, Duranan industri apurren bat badago ere. Hau eta Luku dira batez ere horretarako egokitasuna daukenak. Duranan landare mintegi* bat ere ba dago.

Foronda

36,319 km2. eta 752 bizilagun. Hamahiru herritxok osotzen dabe udal hau: Arangiz, Artatza, Astegieta, Foronda, Gereña, Legarda, Lopidana, Mandoiana, Mendiguren, Otatza, Uribarri-Dibinaga, Ihurre eta Andigana (gaurko Antezana) herriburua. Udal honen egiazko izenak Badaioz izan behar eban, hauxe baitzan anaiartearen izen kolektiboa. Gasteiztik Bilbora Altubetik doan bideak zeharkatutako udal hau, aberatsa da lurrez, nekazaritzarako lur apartekin. Industria ere, oraintsu hasia da Foronda aldean.

Otoeta

27,544 km2. eta 225 bizilagun. «Los Huetos» erdal izeneko hiru herrixkek osotzen dabe udal txiki hau: Oto-goikoa, Oto-bekoa (herriburua) eta Martiodak. Baserri udal apal bat da, beherantz doana, Gasteiztik hurbil* egon arren. Koba entzutetsuak daukaz. Lehen, hiru herritxoen batzarrak bertako Urrialdoko Andre Mariaren ermitan egiten ziren.

Mendotza

14,250 km2. eta 268 bizilagun. Herri bik osotzen dabe udal hau: Mendotza berak eta Eztarronak. Gasteiztik 9 kilometrora, oso toki egokian, gaur baserritik bizi da; baina ba dauka beste edozertarako ere lautada galanta. Mendotza, batez ere bere gaztelu-dorreagatik da ezaguna. Oraintsu berriztatu dabe; bere goitik eskualde guztia ikusten da, Gasteizko huriburua aurrerengo begiztatzen dalarik.

Iruña

18,531 km2 eta 364 bizilagun. Herritxo bi dira, udal hau osotzen dabenak: Zubizandi (Transponte lehen, Trespuentes gaur) eta Billodas. Erromatarren garaiko Iruña herritik dauka udal honek bere izena. Zadorra ibaiak Badaia mendikatetik bereizten dauala, gain batean aurkitzen dira oraindik antzinako Iruñaren lorratzak*; eta bertan, XVI mendetik honantz, askotan idoro* dira Erromanoen irudi, diru, koluna, eta abar. Udal honen barrutian egoen Badaiako Santa Katalinaren monasterioa, XV mendekoa, joan danekoan hutsik utzia, eta gerotxoago karlista gerratean ia dana apurtua; gaur orma* zahar batzuk baino ez dagoz tente.

Langrares

34,6622 eta 1.010 bizilagun. Hiru herri dira udal honetakoak: Mantubite (Mandubide?), Olabarri (gaur Ollavarre) eta Langrares (gaur Nanclares de la Oca). Azkenengo hau da herriburua, eta inguruko herrietarik hazitxoena. Urun* ola, harrobi eta beste ola* bi edo hiru ba ditu; beraz, ez da bakarrik baserritik bizi. Bestalde, nekazaritzarako ez dauka besteek aina* lur lau* eta aberats. Langraresen, lehenago, bainu etxe eder bat egoen; gaur etxe hori «Hermanos de la Instrucción Cristiana» dalakoen frailetegia da. Bahitegi* bat ere ba dago, lana egin behar daben presoentzako. Irunerako trenbidea bertatik igarotzen da, eta ba dauka geltoki bat.

J. L. LIZUNDIA