Plazaberri

2007ko urria - 23. zenbakia

Azken ordukoak
Hizkuntza gaiak
AZKEN ERABAKIAK
Berriak
ARANA MARTIXAREN LIBURUTEGIA EUSKALTZAINDIARENTZAT EXONOMASTIKA BATZORDEAREN GOMENDIOA KOSTEN IZENEZ PATXI SALABERRI ZARATIEGIREKIN SOLASEAN
Ikustekoak
PAUL BROCAREN MAPA (1875)
Datozen ekitaldiak
ANDONI SAGARNA EUSKALTZAINAREN SARRERA-HITZALDIA

Hizkuntza gaiak

Azken erabakiak

Euskaltzaindiak, irailaren 28an, egoitzan egin zuen batzarrean, hauek erabaki zituen.

Onomastika. Nafarroako izendegiaren zazpigarren zerrendan, Lizarrako merindadeko erdialdeko herri eta herritarren euskal izenak onartu ziren:

  • Abaigar, abaigartar; Aberin, aberindar; Aiegi, aiegiar; Antzin, antzindar; Arellano, arellanoar; Artazu, artazuar; Deikaztelu, deikazteluar; Etaiu, etaiuar; Girgillao, girgillaotar; Legaria, legariar; Mañeru, mañeruar; Mendaza, mendazar; Mirafuentes, mirafuentestar; Morentin, morentindar; Mues, muestar; Murieta, murietar; Nazar, nazartar; Oko, okoar; Olexoa, olexoar; Oteitza, oteitzar; Piedramillera, piedramillerar; Sorlada, sorladar; Villatuerta, villatuertar; Zirauki, ziraukiar; Zuñiga, zuñigar.

Berriak

Arana Martixaren liburutegia Euskaltzaindiarentzat

Jose Antonio Arana Martixa euskaltzain emerituak bere liburutegi pertsonalaren dohaintza egin dio Euskaltzaindiari. Izan ere, irailaren 28an, Arana Martixak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak hitzarmena sinatu zuten Akademiaren egoitzan, beste euskaltzain guztiak aurrean zirela, eta dohaintza formalizatu.

Orotara, 6.000 liburu eta aldizkariz osatua dago liburutegia. Orain, Euskaltzaindiko Azkue Bibliotekaren zerbitzuek katalogazio lanak egingo dituzte eta ondare guztia irakurle eta ikertzaileen eskura jarriko. Katalogoa hiru urteko epean argitaratuko da.

Arana Martixa: "Liburuekin zerikusia duten arlo guztietan ibilia naiz"

Exonomastika batzordearen gomendioa kosten izenez

Espainia, Frantzia eta beste estatu batzuetan, hainbat izen erabiltzen dira kosta-tarteak izendatzeko, hala nola Costa del Sol edo Côte de Lumière. Euskaraz izen horiek nola esan eta idatzi behar diren galdetu zaio Euskaltzaindiari. Galdera horri erantzuteko prestatu du Exonomastika batzordeak gomendio hau.

Kosten izenak

Patxi Salaberri Zaratiegirekin solasean

2005eko abenduaren 16an, Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen Patxi Salaberri. 2006ko irailaren 29an egin zuen sarrera-hitzaldia Uxuen, "Uxueko izenak mintzagai" gaiaren inguruan.

Patxi Salaberri Zaratiegi (Uxue, 1959). Filologia Hispanikoan eta Euskal Filologian lizentziatua. 1992an, doktore maila lortu zuen Nafarroako Ekierdialdeko Euskararen Azterketa Toponimiaren Bidez izeneko tesiarekin. Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle titularra da 1990etik, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatean. Onomastikan aditua da. Nafarroako Gobernuaren Fontes Linguae Vasconum aldizkariko zuzendaria da.

Patxi Salaberri: "Euskaldunok euskara geure ondorengoei erakustea da garrantzitsuena"

Ikustekoak

Paul Brocaren mapa (1875)

Ez da Bonaparterena bezain ezaguna, baina sasoi beretsuan Paul Broca (1824-1880) frantses antropologo ezagunak euskararen erabileraren mapa bat argitaratu zuen, berak fundaturiko Revue d'Anthropologie aldizkarian euskaldunei buruzko artikulu bat argitaratu zuenean ("Sur l'origine et la répartition de la langue basque: basques français et basques espagnols"). G. Lacomberen ustez, ez zen Bonaparterena bezain zehatza, baina hala ere merezi du gogoratzea.

Datozen ekitaldiak

Andoni Sagarna euskaltzainaren sarrera-hitzaldia

- Urriaren 26an, ostirala, Andoni Sagarna Izagirre euskaltzain osoaren sarrera-ekitaldia egingo da Donostian, Miramongo Parke Teknologikoan, arratsaldeko 18:00etan, egitarau honen arabera:

  • Andres Urrutia euskaltzainburuaren agurra
  • Xabier Kintana idazkariak ekitaldiaren nondik norakoa azaldu
  • Andoni Sagarnaren sarrera-hitzaldia: "Euskara eta Informazioaren Teknologiak. Egungo egoeratik etorkizunera begira"
  • Jean-Louis Davant euskaltzainaren erantzuna: "Aizkolariak eta zizelkariak"
  • Euskaltzain berriari domina eta diploma ematea

- Urriaren 26an, goizeko 10:00etan, egingo du Euskaltzaindiak osoko batzarra, Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian.

Bisitatu gaituzte

Eusko Jaurlaritzak, EIZIEk eta Elkar eta Alberdania argitaletxeek Literatura Unibertsala bildumako hiru liburu aurkeztu zituzten, irailaren 18an.

Europa eta Mediterraneo inguruko minoriei Euskatzaindiaren berri ematen, irailaren 25ean.