Plazaberri

2008ko otsaila - 35. zenbakia

Azken ordukoak
Berriak
OLASO DORREA SORRERAKUNDEAK ETA EUSKALTZAINDIAK HITZARMENA SINATU OLASO DORREA SORRERAKUNDEA BILDUMA INPORTANTEENETARIKOA EUSKAL HERRIAN GEORGE LACOMBE, EUSKALTZAINDIAREN SORTZAILEETARIKOA TELESFORO MONZON, EUSKALTZAIN URGAZLE ETA IDAZLEA OLASO DORREAREN ETA EUSKALTZAINDIAREN ARTEKO LOTURA

Berriak

Olaso Dorrea Sorrerakundeak eta Euskaltzaindiak hitzarmena sinatu

Gaur, otsailak 13, Euskaltzaindiak eta Olaso Dorrea Sorrerakundeak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute, Bergarako Olaso Dorrean, Sorrerakundearen egoitzan. Hitzarmen horri esker, Olaso Dorrea Sorrerakundearena den ondare bibliografiko eta artxibistikoa Euskaltzaindiaren egoitzan gordeko da; hots, George Lacomberen Biblioteka eta Olaso Dorrea Sorrerakundearen Artxibo Historikoaren XX. mendeko atala, Telesforo Monzon eta Maria Josefa Ganuza emaztearen familiaren ondareak barne, Euskaltzaindian gordeko da.

Euskaltzaindiaren izenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak sinatu du hitzarmena eta Olaso Dorrearen Sorrerakundearenean, Jose Luis Elkoro lehendakariak. Horren ondorioz:

  • Olaso Dorrea Sorrerakundearena den George Lacombe zenaren ondare bibliografikoa Euskaltzaindiaren egoitzan gordeko da. Hamar urtez izango da bertan eta Akademiak bere gain hartzen du ondare horren kontserbazioa eta katalogazioa. Katalogazioa jada eginda dauka Euskaltzaindiak.
  • Olaso Dorrea Sorrerakundearen Artxibo Historikoaren XX. mendeko atala Euskaltzaindiaren egoitzan taxutu eta ordenatuko da. Lan hori hiru urteko epean egingo du Akademiak.

Olaso Dorrea Sorrerakundea

Maria Dolores, Isidro eta Telesforo Monzonek eta Maria Josefa Ganuzak sortu zuten Olaso Dorrea Sorrerakundea. Gaur egun, hainbat kidek osatzen dute Fundazioa, horien artean Euskaltzaindia bera delarik.

Olaso Dorrea ondare dokumental eta bibliografiko hauen jabea da:

  1. Georges Lacombe Ondarea
    - Artxiboa. Edukia: Europako euskalari nagusien artxiboak (Bonaparte, Uhlenbeck, Van Eys, Dodgson, Vinson...)
    - Biblioteka. Edukia: XVI-XVII-XVIII. mendeetako euskal literaturako liburu garrantzitsuenak. Historia liburu esanguratsuak, gehienak Ipar Euskal Herriko ikuspuntutik (Lancre, Oihenart, Xaho, Diharce de Bidassouet, Cenac Moncaut, etab.)
  2. Olasoko Ondarea
    -Olasoko Artxiboa, bi zatitan banatuta:
      . Artxibo historikoa I (1990eko hamarkadaren hasieran Borja Aginagaldek taxutua)
      . Artxibo historikoa II
    - Olasoko Biblioteka
  3. Eskuratutako Ondare dokumentalak
    - Iturri ezberdinetako hainbat artxibo eta material

Irudian, Euskaltzaindiko kideak bisitzen Olaso Dorrea.

Bilduma inportanteenetarikoa Euskal Herrian

Euskararen ikuspuntutik abiatuta, Georges Lacomberen bilduma (Olaso Dorrea Sorrerakundearen jabetzapekoa dena eta orain Euskaltzaindiko egoitzara ekarri dena) bilduma inportanteenetarikoa da Euskal Herrian.

Lacomberen Bibliotekaren katalogoak guztira 1.930 sarrera ditu (liburu eta liburuxkak), horietatik 853 euskaraz, eta horietatik 74 XVI., XVII. eta XVIII. mendekoak. Katalogo osoa internet bidez kontsulta daiteke, Euskaltzaindiaren webgunean.

Bestalde, euskararen ikuspuntutik oso garrantzitsua bada ere, historia aldetik ere bilduma ederra du, hainbat liburu aipagarrirekin.

Irudian, Joanes Haranbururen Debocino escuarra, mirailla eta oracionoteguia

Lacombe Bibliotekaren Katalogoa







  • Tableau de l' inconstance des mauvais anges et démons

    Pierre de L' Ancre inkisidoreak idatzia, euskaldunoi buruz munduan zirkulatzen duen irudi topikoenetako bat sortu zuen, eta "akelarre" hitza hizkuntza guztietara hedatu.

    Hauek dira Lacombe Biblioteka osatzen duten liburuetako bi.

    Ikus hemen libururik aipagarrienen zerrenda

Georges Lacombe, Euskaltzaindiaren sortzaileetarikoa

Georges Lacombe (1879-1947), euskalgintzaren "urrezko aroa" deitu daitekeenean kokatu behar da, alegia, XIX. mende bukaera eta XX. mende hasiera. Sasoi horretan sortu zen RIEV (Revista Internacional de Estudios Vascos, 1907) eta apur bat geroago Euskaltzaindia (1919). Beraz Lacombe ondokoen garaikide, adiskide eta lankide izan zen: Resurrecion Maria Azkue, Arturo Campion, Julio Urkixo, Koldo Eleizalde, Piarres Broussain, Hugo Schuchardt...

Euskaltzain oso izan zen, Euskaltzaindiaren sortzaileetarikoa, eta Akademiaren bibliotekari akademikoa. RIEVeko idazkari ere izan zen. Pariseko Sorbonan ikasi zuen.

Argazkian: zutik, N. Ormaetxea "Orixe", J. Eleizalde, S. Altube, J. Urkixo eta E. Olabide; eserita, J.B. Eguzkitza, B. Etxegarai, R.M. Azkue eta G. Lacombe

Telesforo Monzon, euskaltzain urgazle eta idazlea

Telesforo Monzon Bergaran jaio zen 1904an eta Baionan hil 1981ean. Olaso etxeko familiakoa. 1930ean EAJn afiliatu zen. Gipuzkoa Buru Batzarreko lehendakari eta herrialde horretako diputatu izan zen (1933). Errepublika garaian Bergarako Udalean zinegotzi eta Madrilgo Gorteetan diputatu izan zen. Lehenengo Eusko Jaurlaritzaren barne kontseilaria ere izan zen. Mexikon eta Parisen erbesteratua, gero Donibane Lohizunen bizi izan zen, Franco hil arte. Hegoaldera itzuli eta HBn sartu zen. Gipuzkoatik diputatu hautatu zuten (1979). 1981n, Euskal Autonomi Elkarteko Eusko Legebiltzarrean HBko parlamentario hautatu zuten.

Politikari ez ezik, Telesforo Monzon euskaltzale eta idazlea ere bazen; antzerkiak (Odol Bideak; Menditarrak; Harpeko bozkarioa; Behorraren ostikoa; Maria Lorka) eta poemak (Urrundik; Gudarien eginak) idatzi zituen eta kanta ezagunen egilea izan zen (Lepoan hartu, Itziarren semea, Aupa gizona, Aita kartzelan duzu, Euskalduna naiz eta, Batasuna, Ikastolen ereserkia, Bai euskarari, Txikia...). Euskaltzain urgazlea izan zen 1966az geroztik.

Argazkian, Maria Josefa Ganuza emaztearekin.

Olaso Dorrearen eta Euskaltzaindiaren arteko lotura

Olaso Dorrea Sorreakundearen eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlana aspaldikoa dugu. Hasiera-hasieratik ondare dokumentalari eta bibliografikoari lotuta egon den harreman hori 1980ko hamarkadan hasi zen eta denbora horretan zehar berebiziko garrantzia izan du Akademiaren Azkue Bibliotekak, batez ere Jose Antonio Arana, Josune Olabarria eta Pruden Gartziak. Hauek dira historia horren datu batzuk:

  • 1993an, Euskaltzaindia eta Sorrerakundea elkarlanean hasi ziren eta Donibane Lohizunen Lacomberen Ondarearen lehen taxuketa egiteari ekin zion Euskaltzaindiak.
  • 1995-1996: Lacombe Ondarean biblioteka eta artxiboa kudeatu eta Donibane Lohizunetik Bergarara ekarri zen.
  • 1996-1997: Lacombe Ondarearen Artxiboa Bilboko Euskaltzaindiko egoitzara ekarri zen, taxutu eta inbentariatzeko. Lan hori burututa, Bergarara itzuli zen Artxiboa eta Olaso Dorrea Sorrerakundeak zuzenean Irargiren sinatutako hitzarmen baten bidez artxiboa mikrofilmatu zen.
  • 1997: Lacomberen Artxibo mikrofilmatuaren kopia Euskaltzaindiari eman zitzaion. Artxibo hori egun Bergaran gordetzen da.
  • 1997: Jose Antonio Aranak Olasoko Ondarearen Artxibo-II taxutu zuen eta azaleko inbentarioa egin. Gero, Bergarara itzuli zen.
  • 1998: Euskaltzaindia Olaso Dorrea Sorrerakundearen kide izendatu zuten.
  • 2000: Olasoko Biblioteka taxutu eta inbentariatu zen Bergaran.
  • 2000: Lacomberen Biblioteka katalogatzeko eta digitalizatzeko hitzarmena sinatu zen. Azkue Bibliotekan burutu da lana.
  • 2008: Hitzarmen berria sinatzen da. Hortaz, Olaso Dorrea Sorrerakundearena den ondare bibliografiko eta artxibistikoa Euskaltzaindiaren egoitzan gordeko da.

Irudian, Olaso Dorrea Sorrerakundearen eta Euskaltzaindiaren arteko bilera.