Plazaberri

2008 - 12 - 2      73. zenbakia

Hizkuntza gaiak
AZKEN ERABAKIAK
Berriak
DATOZEN LAU URTEOTARAKO ZUZENDARITZAREN KARGUDUNAK IZENDATU DITU EUSKALTZAINDIAK
Hitzarmenak
ARANTZAZUKO FRANTZISKOTARRAK ETA BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Ikustekoak
XAHOREN EDIZIO BERRI BAT
Datozen ekitaldiak
OSOKO BATZARRA PASAIAN

Hizkuntza gaiak

Azken erabakiak

Euskaltzaindiak azaroaren 28an egin zuen hileko batzarra, Bilbon, egoitzan. Hiztegi Batuko E letrako oharrak eztabaidatu eta onartu ziren, esku-bonba eta esnedun artekoak.

Berriak

Datozen lau urteotarako Zuzendaritzako kargudunak izendatu ditu Euskaltzaindiak

Azaroaren 28an, Bilboko egoitzan, bilkura berezia egin zuen Euskaltzaindiak, Zuzendaritzako kargudunak izendatzeko.

Euskaltzaindiaren Zuzendaritzaren kargudunak lau urterako izendatzen dira, eta beti urtearen azken laurdenean.

Datozen lau urteotarako, hauek osatuko dute Euskaltzaindiaren Zuzendaritza:

  • Euskaltzainburua: Andres Urrutia
  • Buruordea: Beñat Oihartzabal
  • Idazkaria: Xabier Kintana
  • Diruzaina: Jose Luis Lizundia
  • Iker sailburua: Andoni Sagarna
  • Jagon sailburua: Andres Iñigo

Hitzarmenak

Arantzazuko Frantziskotarrak eta Bizkaiko Foru Aldundia

Azaroaren 25ean, Euskaltzaindiak, Arantzazuko Frantziskotarrek eta Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetza hitzarmena sinatu zuten, Luis Villasanteren obra literarioa, lan pertsonalak eta artxiboa sistematizatu eta digitalizatzeko. Egitasmoa Euskaltzaindiak kudeatu eta burutuko du, 2008tik 2011ra bitartean. Gauzatze lana Joan Mari Torrealdaik zuzentzen duen Jakin aldizkariaren taldeak egingo du. Villasanteren funts osoa 40 liburu eta 1.000 bat idazlanetan sakabanaturik dago.

Argazkian, ezkerretik eskuinera, hitzarmena sinatu zutenak: Joxe Mari Arregi Arantzazuko Frantziskotarren Probintziako burua; Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia; eta Andres Urrutia euskaltzainburua.

Bizkaiko Foru Aldunditik, Diputatu Nagusiaz gain, Josune Ariztondo Kutura diputatua ere izan zen.

Hauek izan ziren Euskaltzainditik: Andres Urrutia, euskaltzainburua; Xabier Kintana, idazkaria; Jose Luis Lizundia, diruzaina; Jose Antonio Arana Marija, Joan Mari Torrealdai eta Patxi Uribarren euskaltzain osoak; Juan Jose Zearreta, kudeatzailea; Pello Telleria, idazkariordea; Ricardo Badiola, argitalpen arduraduna; Amaia Okariz, prentsa eta komunikazio arduraduna.

Jose Luis Bilbaoren hitzak

Joxe Mari Arregiren hitzak

Andres Urrutiaren hitzak

Ikustekoak

Xahoren edizio berri bat

Aïtor, légende cantabre / Joseph-Agustin Chaho; texte original tiré de la revue "Ariel", 1845 = Aitor, leyenda cántabra / traducción de Arturo Campión ; completada y revisada por Vahan Sarkisian = Aitor, Kantabriar kondaira : frantsesetik euskararako lehen itzulpena / itzultzailea, Hector Iglesias. -- Erevan ; Bilbao : Asoghik, 2008 199 orr. ; 21 cm

Badirudi Joseph-Augustin Xaho (1811-1858) ez dela modaz pasatzen eta etengabe pizten duela euskaldunen arreta. Oraingoan armeniar batek, Vahan Sarkisian euskaltzain ohorezkoak, prestatu du haren idazlan ezagunenetako baten edizio berri bat, frantsesezko eta gaztelaniazko testuei lehen aldiz euskarazko itzulpen bat gehituz. Itzultzailea Hector Iglesias lapurtarra da, geure artean Onomastikari buruzko ikerketengatik ezaguna.

Datozen ekitaldiak

Osoko batzarra Pasaian

Abenduaren 19an egingo du Euskaltzaindiak osoko batzarra Pasaian, goizeko 10:00etan..

Bisitatu gaituzte

Bilbo Zaharra Euskaltegiaren eskutik, Gontzal Mendibilek eta Iñaki Irazuk poesia errezitaldi musikatua eskaini zuten, Bitoriano Gandiagaren omenez. (2008-XI-12)

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politika Sailburuordetzak Euskara 21 ekimena dela eta, "XXI. mende hasierako politikaren oinarriak" txostena aurkeztu zuen. (2008-XI-25)