Plazaberri

2008 - 12 - 18      76. zenbakia

Berriak
EUSKALTZAINDIAK BERE WEBGUNEA BERRITU DU EUSKALTZAINDIA, BLOGARI

Berriak

Euskaltzaindiak bere webgunea berritu du

Euskaltzaindiaren webguneak baliabide berriak ditu. www.euskaltzaindia.net webgunea edukietan berritu da, eta Web 2.0 teknologiara egokitu. Akademiaren Informazio eta Komunikazioaren Teknologia (IKT) batzordeak burutu du lana. Batzorde hori 2007an eratu zen, eta besteak beste, Akademiaren webgunean jarri du arreta berezia. Izan ere, batzordea sortu zenetik hainbat baliabide berri erantsi zaizkio webguneari (arau-erabakien banaketa elektronikoa (e-AEB) kasu), eta orain bestelako edukiak gehitu dira www.euskaltzaindia.net webgunean.

Berritu diren edukien artean, Plazaberri agerkari digitala dugu. 2006ko apirilean sortu zen eta dagoeneko bi urte luze beteak ditu. Denbora honetan, hainbat aldaketa ezagutu ditu Plazaberrik: hasieran hilabetekaria zena gaur egun ia astero argitaratzen da, ez bada astean bitan, edota Akademiaren aktibitateak eskatzen duen maiztasunez.

Hain zuzen ere, maiztasun horrek eraginda, eta guztion parte-hartzea bultzatze aldera, Plazaberri berritua sortu da eta orain arte agerkari digitala zena, bloga izango da hemendik aurrera. Blogak dituen ezaugarri guztiak izango ditu eta irakurleen iruzkinei ere irekita egongo da.

Euskaltzaindiaren webgunean (www.euskaltzaindia.net) irakurgai izango da eta RSS 2.0 eta Atom 1.0 bidezko harpidetza egin ahal izango da. Sistema honen bidez, argitaratutako artikuluak banan-banan jasotzen dira, argitaratu bezain laster. Harpidetza hori egiteko RSS irakurgailua (Bloglines, Google Reader, Feed Reader, ...) instalatuta edo RSS jarioak jasotzeko gai den nabigatzailea (Firefox, adibidez) izan beharko du erabiltzaileak.

Edozein modutan, Plazaberri blogean kaleratzen diren izenburuen berri emango zaie harpidedunei, aldiro-aldiro.

Hauxe da Plazaberri blogaren RSS jarioaren esteka:

Rss jarioaren esteka

Argazkian, Iñaki Kareaga eta Andoni Sagarna, IKT batzordeko idazkaria eta arduraduna, hurrenez hurren. Haiek aurkeztu zuten webgune berritua, abenduaren 17an.

Euskaltzaindia, blogari

Duela zortzi urte hasi zen Euskaltzaindia bere web-orria sareratzen. Ordurik hona hamaikatxo pauso eman ditu Akademiak bide beretik, betiere, eduki eta baliabide berriak plazaratuz eta guztion eskura jarriz.

Argitalpenetan nahiz hizkuntza-gaietan, agerikoak ditu Euskaltzaindiak bere asmoa eta gogoa, egun sareak eskaintzen dituen tresnak gero eta egokiago baliatzeko euskararen mesederako eta euskararen arlora hurreratzen diren guztien mesederako.

Ildo berekoa izan da, izan ere, duela hiru urte Plazaberri albiste-emaile elektronikoa sortzea eta garatzea. Gerokoak erakutsi duen bezala, horretan izan du Euskararen Akademiak agerbide berezia, web-orriaren pizgarri eta eragile. Aldiek, hala ere, aurrera joatea eskatzen dute etengabe, eta horrek ekarri du, beste behin ere, emanaldi berri hau.

Izatez, hemen izango du aurrerantzean Euskaltzaindiaren web-orriaren erabiltzaileak, halako egunerokotasunik behinena, egunean-egunean ikusgarri eta irakurgarri izango dituelako Euskararen Akademiak eta euskaltzainek sorturiko berririk irtenenak, honen bidez ere akademiaren zerbitzuak erdiesteko bide erraza eskaintzen zaiola.

Badira, beraz, arlo berriak gure web-orrian. Berriak berri, lehendik direnak ere, gaurkotuak eta eguneratuak datozkigu, dela Hiztegi Batua, dela arau eta gomendioen esparrua.

Blogaren aldeko apustua egiten du Euskaltzaindiak; aro berri bati buruz ari da, euskaltzainen, eta, oro har, euskalgintzan ari direnen parte-hartzea bultzatuz eta sustatuz.

Beste behin ere, Euskaltzaindiak gizarteratze-ahaleginetan dihardu. Ziur nago, lorratz bereko beste ekimenak ere berehala etorriko direla akademiaren eginahalei esker.

Halaxe egin du azken laurogeita hamar urteetan. Halaxe beharko du egin etorkizunean ere, hortxe baitago bere xede eta helburua, euskararen aurreramendurako ekin eta jarrai, aldian aldiko eta tokian tokiko tresnak eta lanabesak erabiliz.

Andres Urrutia, euskaltzainburua