|
Urtebeteko nahiz urte anitzeko egitasmoen bitartez bideratzen ditu Euskaltzaindiak bere egiteko akademikoak, bakoitzari behar duen zuzendaritza emanez, erakundezkoa eta teknikoa. Lehen ardura hori, erakundezkoa, euskaltzain osoen esku egon ohi da, eta talde teknikoa gehienbat lehenik eukaltzainek berek eta, gero, beste hainbat berezilarik osatu ohi dute.
Lan-batzordeak eta proiektuak
Lexikografia: Bi alor handi ditu Euskaltzaindiak eremu honetan: Orotariko Euskal Hiztegia-rena (1987-2005) eta Hiztegi Batua-rena (lehen itzulia 2000an). Hark euskal hitz-ondarea biltzen du (historikoa eta euskalkietakoa: 1970.erainokoa), eta deskribatzailea eta edozein alorretakoa da. Hiztegi Batua, ostera, arauemailea da, eta Orotarikoan ez ezik ""Egungo Euskararen Bilketa Sistematikoa""-n du bere oinarria (EEBS: 1900.etik gaurdainoko bilketa da hau).
Gramatika: Gramatika batzordea 1980an eratu zen, eta beronen gaur egungo lana Euskal Gramatika. Lehen urratsak burutzea da, honen bidetik etorriko baita 2002tik aurrera Euskaltzaindiaren Gramatika akademikoa.
Hizkuntza atlasa: Proiektu honetan diharduen batzordeko lantalde teknikoak 145 herritan osatu du bere inkesta dialektologikoa, bakoitzean galde-zerrendako 2.875 itaunei zegozkien erantzunak jasoz.
Onomastika: Zientzia honetako alde teorikoak, agiri historikoen bilketa eta landa-lana egiten ditu batzorde honek, berehala edo geroago euskarak duen izen-normalizazioari laguntzeko asmoz. Izan ere, euskararen ofizialtasunak eskakizun berriak ekarri ditu alor honetan, eta Euskaltzaindiaren aholkularitza ofizialtzat ezagututa dagoelarik, erakunde honi dagokio horrelako premiei erantzutea.
Literatura: Alde batetik, herri literaturako langaiak jaso nahi ditu, landa-lana eginez (ezin da ahantzi, adibidez, gurean bertsolaritzak izan duen lekua), eta, bestetik, literatura idatzi jasoa ere zaindu nahi du. Jada abian du Literatura Hiztegia.
Hizkuntza mintzatua: Azpi-batzorde hau ikerlan fonologikoez arduratzen da, eta horrekin batera, hizkuntza mintzatuak gaurko gizartean dituen garrantzizko arazoak ere gogoan ditu. Gure euskalkien arteko zalantzak, inguruko hizkuntzen eragina eta hizkuntza mintzatuak gizarte modernoan duen lekua (komunikabideetan, ahozko irakaskuntzan, administrazioan): hori dena aski da batzorde honen ikerlan deskribatzailearen eta lan arauemailearen premia ikusteko. 
Jarduera akademiko orokorra
Arau akademikoak batzordeetatik sortutako proposamenen eta osoko bilkuren onarpenaren emaitza dira. Akademiaren erabaki bezala aurkeztu ohi dira Euskera-n eta Arauak deritzan orri-sortan.
Ekintzak, eta barne-jardunaldiak. Erakundearen izaera publikoagatik mota ezberdinetako ekintza sozio-instituzionalak sortu ohi ditu Euskaltzaindiak, eta, bestalde, Akademiaren barne-bizitzak hainbat bilera eta jardunaldi eskatzen du Erakundea gobernatu eta kudeatzeko.
|