|
Euskaltzaindiaren berariazko helburuak Arautegi akademikoan azaldurik eta mugatuta daude (1920). Hasierako Arautegi hura behin eta berriz eguneratua izan da (eta osatua ere, Barne-Erregelen bidez), izan ere garaian garaiko hizkuntzazko edo kulturazko aldakuntzek halaxe eskatu baitute une bakoitzean (1954, 1972, 1976).
Hala ere, Euskaltzaindiaren azken xedeez ziharduten arautegi-artikuluek berretsi baizik ez dituzte egin hastapenean esandakoak, premiazko zehaztapen berriak gehituz (ik., adibidez, 1976ko 1. artikulua). Horregatik, gogoratzekoa da Euskaltzaindiaren lehenengo Arautegian Erakundearen xedeak nola marraztu ziren (nahiz eta orduko hizkera aski aldatua dugun gaur):
1. Izkeraketz eta gizarteketz, euskera ayolaz landu ta yagoten zain egotea, Bazkun aunen elburua da: andik ere bere izena. 2. Zainbide bioi dagokienez, Sail bitan ere bereizturik euskaltzaiñak beren arloan diardukete; euskal-ikerleen sailean, ta yagoleenean, lagun bakoitza bietan dagokelarik.
Horrela, bada, Euskaltzaindia hizkuntzaren corpus-az arduratzen da, baina, halaber, baita berorren estatus sozialaz ere. Hortaz, handik hona bi Sailak izan ditu Euskaltzaindiak (Iker eta Jagon Sailak), bere jardueraren baitan.
|