|
Azken urte hauetan Euskaltzaindiak "D" Mailako Hizkuntza Gaitasun Agiria izeneko titulua eman izan die araberako azterketa gainditzen zuten Iparraldeko biztanleei.

Hori dela eta, honako hauek adierazi nahi ditu Euskaltzaindiaren Zuzendaritzak:
A) Euskaltzaindiaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren arteko lankidetza-hitzarmenaren barnean, Euskaltzaindiak lagundu dio Euskararen Erakunde Publikoari hizkuntza gaitasuna egiaztatuko duen agiri baten garatze-bidean.
Hortaz, Euskaltzaindiak "D" titulua emateko eskubideak gordez, ez du oraingoz beste deialdirik egingo "D" titulua azterketak eskuratzeko.
B) Iparraldean, bistan denez, hizkuntza-gaitasuna froga zezakeen azterketa publikorik ez izanik, 2008 arte segitu du Akademiak "D" Mailako Hizkuntza Gaitasun Agiria banatzen azterketa gainditzen zuten Iparraldeko biztanleen artean.
Lurralde horretan euskara gaur egun ere ofiziala ez den arren, azken urte hauetan Euskararen Erakunde Publikoa pixkanaka indartuz joan da, eta 2009tik aitzina berak antolatuko ditu Iparraldean euskararen gaitasunari dagozkion beste titulu berriak.
C) Euskaltzaindiak begi onez ikusten du Iparraldean agintari publikoek beren gain hartzea sail horri dagozkion erantzukizunak.
D) Era berean, Euskaltzaindiak eginahalak eginen ditu, Euskararen Erakunde Publikoarekin solastatuz, Euskaltzaindiaren "D" tituluaren jabe direnek baliokidetza egokia aurki dezaten hemendik aitzina Iparraldean antolatuko diren gaitasun agiri berrietan.
E) Bestaldetik ere, Euskaltzaindiak bere gain hartzen du, orain arte bezalaxe, Iparraldean eman dituen "D" Mailako Hizkuntza Gaitasuna Agiriaren eskuratzaileentzako zerbitzuak ematea, nola kopiak egitea hala bestelako premiei erantzutea (eskuratzaileen erregistroa eta abar) .
Donostian, 2009ko otsailaren 13an.
|