|
Gure inguruko hizkuntza batzuk kontuan hartuta -alemana, ingelesa, frantsesa, gaztelania, italiera, katalana eta portugesa- gomendio horrek kanpoko leku-izenen ahoskerari buruz dihardu.
Gomendio horri buruzko azalpen osagarriak eskaintzen ditu Alfontso Mujika Exonomastika batzordeko idazkariak.
Euskara batua sortu zuenetik, Euskaltzaindiak nagusiki idatziari eman dio garrantzia, eta ahoskera gutxi landu da araugintzan; lehentasuna forma idatziak izan du. Hala ere, ahoskera ere ez du baztertu Euskaltzaindiak. Alde horretatik, 1998an kaleratu zuen Euskara batuaren ahoskera zaindua arauak ahoskera zainduaren esparru orokorra zedarritu zuen: han zehaztu ziren batasunerako ahoskera-irizpideak maila jasoko hizkera zainduan erabiltzeko.
Arau horrek euskal hitzen ahoskeraz dihardu, eta ez du ezer zehazten kanpoko leku-izenen ahoskerari buruz. Ikus-entzunezko komunikabideetan eta hezkuntzan maiz ateratzen dira kanpoko leku-izenak, eta haiek ahoskatzeko orduan zalantzak izaten dira. Adibidez, Sarajevo nola ahoskatu behar da? Gaztelaniaz traje hitzeko -je- silaba bezala ala euskaraz jelostu hitzeko -je- silaba bezala?. Eta Astrakhan nola? astrakan? astrajan? astrayan? Edo Zürich nola ahoskatu? zuritx? zurij? tzuritx? tzurij?... Ba ote dakite Hego Euskal Herriko euskaldunek nola ahoskatu behar duten Nîmesko katedrala euskara zainduan? Ba ote dakite Ipar Euskal Herriko euskaldunek nola ahoskatu behar duten Argentina euskara zainduan?
Kanpoko leku-izen guztiak euskaraz nola ahoskatu behar diren zehaztea ez dagokio Euskaltzaindiari, baina ikusirik horri buruzko kezka badagoela eta oharturik euskara zaindua erabiltzen den tokietan batzuetan leku-izenen ahoskeran zalantzan izaten direla, komenigarri eta beharrezko iritzi dio Euskaltzaindiak irizpide orokor batzuk emateari euskara batuko ahoskera zainduan kanpoko leku-izenak nola ahoskatu behar liratekeen adierazteko. Exonomastika batzordeak landu du proposamena, eta Euskaltzaindiak gomendio gisa onartu du, helburu honekin: irrati-telebistetako berri-emanaldietan, jendaurreko hitzaldietan, eskolako azalpenetan eta haien antzeko egoera formaletan euskara batuan aritzean, kanpoko leku-izenak ahoskatzeko erabili beharreko irizpide orokor nagusiak finkatzea.
Gomendioa oinarri nagusiak baino ez ditu ematen, eta ez hizkuntza guztietakoak, jakina. Gure inguruko hizkuntza batzuk baino ez dira aztertu: alemana, ingelesa, frantsesa, gaztelania, italiera, katalana eta portugesa.
Exonomastika batzordeko burua eta idazkaria
|