Euskaltzaindiaren webguneak baliabide berriak ditu. www.euskaltzaindia.net webgunea edukietan berritu da, eta Web 2.0 teknologiara egokitu.
Akademiaren Informazio eta Komunikazioaren Teknologia (IKT) batzordeak burutu du lana. Batzorde hori 2007an eratu zen, eta besteak beste, Akademiaren webgunean jarri du arreta berezia. Izan ere, batzordea sortu zenetik hainbat baliabide berri erantsi zaizkio webguneari (arau-erabakien banaketa elektronikoa (e-AEB) kasu), eta orain bestelako edukiak gehitu dira www.euskaltzaindia.net webgunean.
Andres Urrutia: Euskaltzaindia, blogari
Argitalpenetan nahiz hizkuntza-gaietan, agerikoak ditu Euskaltzaindiak bere asmoa eta gogoa, egun sareak eskaintzen dituen tresnak gero eta egokiago baliatzeko euskararen mesederako eta euskararen arlora hurreratzen diren guztien mesederako.

Ondorioz, webgune berritua dauka Euskaltzaindiak. Gainera, azpiegitura teknologiko guztiz berria du: edukiak argitaratzeko malgutasun handiagoa du; bilaketak egiteko era anitza, lehen baino aberatsagoa delarik; eta jende gehiagoren partaidetza ere ahalbidetzen du, besteak beste, blogetan, iruzkinak eginez.
www.euskaltzaindia.net webguneak beti eman duen informazioa ematen du orain ere: batetik, erakundeari buruzko informazio zabala, eta bestetik, Euskaltzaindiaren Arauak, Hiztegi Batua, Izendegiak -Euskal Izendegia, Deitura Izendegia, Herri Izendegia eta Mendiak- Corpusa edota Azkue Bibliotekaren eta Argitalpen Katalogoak ere.
Horiek horrela, webguneak betiko atalak ditu: Erakundea, Argitalpenak, Azkue Biblioteka, Hizkuntza-kontsultak. Hori bai, hemendik aurrera atal berri bat gehitu zaio: Iker/Jagon-tegiak.
Horrezaz gain, Plazaberri agerkari digitala blog bihurtu da.
|