Irailaren 5ean, Alemaniako Bamberg-eko Unibertsitateko ikasle talde bat Euskaltzaindiaren egoitzan izan zen eta Xabier Kintana idazkariak lagundurik, Akademiaren egoitza bisitatu zuen. Ikasleak Gotzon Aurrekoetxea EHUko, Martin Haase Bamberg-eko eta Benno H. Bershin Eichstätt-Ingolstasdt-ko Unibertsitateko irakasleen eskutik etorri ziren Euskal Herrira, eta, Akademiaz gain, beste hainbat leku bisitatu zuten, bai Hego Euskal Herrian, bai eta Ipar Euskal Herrian ere. Hala, bada, irailaren 6an, Baionan, Xarles Videgain euskaltzain osoak EHHAri buruzko hitzaldi bat eman zien. Besteak beste, Atlasaren ezaugarriak eta mapak azaldu zituen Videgainek, eta hiru hizkunzatan (frantsesez, euskaraz, okzitaneraz) mintzatzen diren lekukoak aipatu zituen, hala nola Bardozeko eta Amiküzeko datuak.
Martin Haase irakasleak euskaraz hitz egiten du, eta gaskoiaren eta euskararen arteko hizkuntz ukipenaz egin zuen doktore tesia. 2006-2012 bitartean SIDG (Société Internationale de Dialectologie et Géolinguistique / International Society of of Dialectology and Geolinguistics) erakundearen presidente izana da. 1991n, Euskaltzaindiak egin zuen Nazioarteko Dialektologia Biltzarrean parte hartu zuen.