|
Ekainaren 4an, ostegunean, Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak antolatua, "Toponimia gizarteratzea: aukerak eta egindako lana" izeneko ikastaroa egingo da Durangoko Landako elkartegian.
Ikastaroaren ordutegia hauxe izango da: goizeko 9:00etatik arratsaldeko 14:00ak arte, tartean 30 minutuko atsedena izango delarik. Atsedenaldian Patxi Salaberrik idatzitako Izen ttipiak euskaraz liburuaren aurkezpena izango da.
Izena emateko epea hil honen 28ra arte zabalik egongo da. Horretarako mezua igorri behar da
This e-mail address is being protected from spambots, you need JavaScript enabled to view it
helbidera.
Hau izango da egun horretako egitaraua:
Ongi-etorria: Andres Iñigo, Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeburua
Hitzaldiak:
- Onomastika batzordearen ikuspegia.
- Leku eta kale-izenen normalizazioa. Mikel Gorrotxategi - Toponimia gizarteratzeko lanen garrantzia. Felix Mugurutza
- Udal batzuetan egindako lanen aurkezpena.
- Erandioko Udala. Ana Hernandez - Getxoko Udala. Javi Aranguena - Bermeoko Udala. Maite Alvarez de Zarate - Zumaiako Udala. Imanol eta Xabier Azkue - Errenteriako Udala. Arantxa Etxezurieta eta Jose Mari Jauregi

2008ko azaroaren 6an antolatu zuen Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak "Toponimia Administrazioaren eguneroko jardunean" izeneko ikastaroa Durangon. Bertan Onomastika eta Administrazioaren arteko lanez ari ziren hizlariak eta egin daitezkeen zenbait adibideen berri eman. Ikastaroan egindako gogo-betetasun inkestak argi utzi zuen arratsaldeko saio praktikoa, interes handikoa, labur gelditu zela eta hori dela-eta bigarren bat antolatzea erabaki zen.
Bigarren ikastaro hau, "Toponimia gizarteratzea: aukerak eta egindako lana" izenekoa, askoz ere praktikoagoa izatea nahi du batzordeak, eta horretarako gonbidatu dira euskara teknikari batzuk beraien udaletan egindako lana ezagutarazteko. Guztiek daukate abiapuntu berbera, lehenago egindako ikerketa, baina geroagoko erabilerak bereizten ditu, gizartean jartzeko momentuan dauden aukera desberdinez baliatu baitira.
Hauetaz gain, saio bi egongo dira batzordearen izenean, kale izenen ofizial egin eta erabileraz bata, eta gizarteratzeaz bestea, biak eguneroko lanera bideratuta, lanean sor daitezkeen zalantzak erantzuteko eta egon daitezkeen aukera desberdinak ezagutarazteko.
Adituek, egindakoaz gain, bidean izandako oztopoak eta irteerak ere azalduko dituzte guztiontzat lagungarria izan daitekeelakoan. Hauek dira gonbidatu diren adituak:
- Zumaiako Udala. Imanol eta Xabier Azkue
Herriko toponimia ikertu zuten eta geroago gizarteratzeko hainbat bide jorratu dituzte. Egin direnak eta egiteko asmoa dituztenak azalduko dituzte, ikerlari eta teknikoaren ikuspegitik.
- Getxoko Udala. Javi Aranguena
Aspaldian egin zen ikerketa eta liburua erabiliz CDa sortu zuen Udalak eta webgunean zabaltzeko asmoa dute. Produktu honek bi zati ditu, umeentzakoa, eskoletan erabil litekeena, eta toponimia lan osoa mapa eta guzti.
- Erandioko Udala. Ana Hernandez
Plenoan onartutako gizarteratze plan osoa azalduko du. Dagoenekoz hasita dago eta laster egongo dira kalean lehenengo produktuak: planoa, liburuxka...
- Bermeoko Udala. Maite Alvarez de Zarate
Liburu mardula gauzatu eta gero webgunea sortu zuten eta aurrekoaz gain, ahots artxiboak gehitu zituzten. Ariketak prestatzen ari dira ikastetxeetan erabiltzeko eta datorren urtean mapa eta kale izendegiaren arautzea
- Errenteriako Udala. Arantxa Etxezurieta eta Jose Mari Jauregi
1997ko Udal ordenantzak agindua eman zuen kale izenak arautzeko eta toponimia ikertzeko eta kale izendegia normalizatu eta gero webgunea jarri da martxan bigarren bat prestatzen den bitartean.
Amaitzeko tarte bat egongo da, galderak erantzun eta gaiaz mintzatzeko.
Atsedenaldian Patxi Salaberrik idatzitako Izen ttipiak euskaraz liburuaren aurkezpena izango da.
|