Nafarkaria gehigarria 11 urtetan zehar argitaratu zen. Esan bezala, gaur publikoaren eskura jarri den atalean, gehigarriak urte horietan guztietan argitaratu zituen 547 zenbakiak kontsultatzeko eta jaisteko aukera dago. Edukiak hiru modu desberdinetan sailkatuta daude: egile, elkarrizketatu eta urteen arabera.
Bestalde, zenbaki bakoitzak fitxa bat dauka, eta bertan zehazten da, orriz orri, eduki osoa. Artikulu bakoitzari ere fitxa bat dagokio, ondoko datuak jasotzen dituena: izenburua, egilea, sinadura, elkarrizketatua edota orrialdea. Gehigarriaren zenbaki guztiak PDF formatuko dokumentuetan daude ordenatuta, eta urtez urte eta zenbakiz zenbaki kontsulta daitezke. Hala, paperezko gehigarriak zuen itxura berarekin ikusten dira.
2002ko uztailaren 26an kaleratu zen Nafarkaria-ren azken zenbakia. Zenbaki horretako zazpigarren orrialdean, “547.ean, agur” izenburupean, gehigarriak agur esan zien irakurle guztiei. Asier Azpilikueta azken koordinatzaileak idatzi zuenez, “hasieratik, Nafarroako informazio hurbila eta zuzena ematea izan zuen helburu Nafarkaria-k, eta helburu hori beterik zendu da”. Nafarroan geratu zen ia guztiaren berri eman baitzuen egunkariak.
Gainera, eta hala azpimarratzen zuen Martxelo Otamendi Egunkaria-ko zuzendariak, “Nafarkaria kazetarien, kolaboratzaileen, zutabegileen eta idazleen trebalekua ere izan da. Gehigarri honetan idatzi dute Nafarroak azken urteotan euskal letrei eskaini dizkien lumarik ezagunenek”. Zerrenda luzea, oparoa da: Joxemiel Bidador, Jon Alonso, Aingeru Epaltza, Estitxu Arozena, Pako Aristi, Patxi Zabaleta, Hur Gorostiaga, Juan Carlos Etxegoien "Xamar"...
Alberto Barandiaran kazetari eta idazlea Nafarkaria-ren lehen koordinatzailea izan zen. Plazaberri-rentzat idatzi du "Nafarkaria zer izan zen" artikulua.
Alberto Barandiaran: "Nafarkaria" zer izan zen (PDF, 43,31 KB)