Plazaberrin harpidetu:

Sare sozialetan:

Twitter

Plazaberri

"Euskera" agerkariaren 2011ko zenbaki guztiak kontsultagai

Euskera agerkariaren 2011ko hiru zenbakien edukiak, Azkue bibliotekan katalogatu eta indexatu ostean, Euskaltzaindiaren webguneko Euskera agerkariaren hemerotekan integratu dira. Euskera agerkariaren hiru zenbaki argitaratzen dira urtero; 2011ko zenbakiei dagokienez, hiru zenbaki horiek bi liburukitan bildu ziren: Euskera 2011, 56, 1-2 eta Euskera 2011, 56-3.

Euskera 2011, 56, 1-2 liburuak Euskaltzaindiaren bizitza akademikoa biltzen du. Besteren artean, honako gaiak bildu dira: Jean-Baptiste Coyos euskaltzainaren sarrera-hitzaldia; Nafarroa Oinez ospakizunaren haritik, Tafallan egin zen ageriko bilkura; edota Jose Antonio Arana, Vahan Sarkisian, Xabier Gereño eta Fernando Mendizabal euskaltzainen omenez irakurri ziren hilberri-txostenak.

Euskera 2011, 56, 3 liburuak ikerketa-lanak jasotzen ditu. Gai nagusiak hauek dira: Euskaltzaindiaren XVI. Jagon Jardunaldiak ("Arabatik Arabara euskaraz") eta Akademiak "Agosti Xaho eta Erromantizismoa Euskal Herrian" izenburupean Baionan egin zuen jardunaldia.

Portada Euskera 2011 1-2 txikia Portada Euskera 2011  txikia

Euskera agerkarian biltzen diren artikulu guztiak, Euskaltzaindiaren webgunetik landa, Inguma, ISOC eta Dialnet datu-baseetan ere jasotzen dira. Datu-base hauetan, agerkariaren aurreko zenbakietan, egile jakinek idatzi eta ikerketa lantzat har daitezkeen edukiak ere aurki daitezke.

 

Aiaraldeko mapa toponimikoa aurkeztuko da bihar

Maiatzaren 15ean, asteazkenean, Aiaraldeko mapa toponimikoa aurkeztuko da. Aiaraldea izenaz, Aiarako Eskualdea edo Kuadrilla ezagutzen da, eta bost udalerriz osatuta dago: Aiara, Amurrio, Artziniega, Laudio eta Okondo. Aurkezpen ekitaldia 19:00etatik aurrera egingo da, Laudioko Kultura Etxeko (Lamuza, z/g) Etxe Nagusian, "Arraño" aretoan. Mikel Lasa Kuadrilla-buruaren hitzek hasiera emango diote saioari. Jarraian, Felix Mugurutzak jardungo du maparen eta toponimiaren gorabeherez, bera izan baita lanaren ardura izan duena. Mugurutza euskaltzain urgazle eta Onomastika batzordeko kidea da; hori dela-eta, Euskaltzaindiaren izenean ere arituko da aurkezpen ekitaldian.

Lanerako, azken urteotan udalerri horietan egindako toponimia mapak hartu dira oinarri gisa. Toponimo horiek guztiak bat datoz Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren datu-basearekin. Maparen edizioa eta lanaren koordinazioa Dunba Argitalpen Lanak, S. L. enpresak egin du eta bere argitalpenerako Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzaz baliatu da Aiarako Kuadrilla. Euskaltzaindiak, mapan islatutako toponimoen kalitate linguistikoa bermatzeko lanak egin ditu, Akademiak Eudelekin duen lankidetza-hitzarmenari esker.

AIARALDEA azala txikia

 

"Koldo Mitxelena" Ikerketa Bekaren XII. edizioa

Koldo Mitxelena ikerketa bekaren XII. edizioa abian da. Errenteriako Udalak bi urtetik behin antolatzen duen ikerketa bekan parte hartzeko deialdia egin du, eta ekainaren 28ra arte izango da aukera eskaerak aurkezteko. Bekaren helburua euskal kulturaren alderdi guztien -historia, artea, soziologia, antropologia, ekonomia, linguistika, literatura, etnologia, zuzenbidea eta humanitateak, oro har- gaineko ikerketa bultzatu eta sustatzea da.

Eskaeran zenbait arlo zehaztu beharko dira: lanaren ikerketa esparrua, aurrekariak eta gaiaren egungo egoera, ikertzailearen esperientzia, materiala eta metodologia, etab. Lana hamabi hilabeteko epean egin beharko da; horretarako, Udalak 9.010 euroko laguntza (gordina) emango du. Oinarriak eta informazio osagarria hemen daude kontsultagai.

mitxelena txikia

 
HasieraAurrekoa 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 Hurrengoa Amaiera