Atzo, 2013ko maiatzaren 2an, Karmele Rotaetxe hizkuntzalari eta ohorezko euskaltzaina hil zen Bilbon, 81 urte zituela. Haren aldeko hileta elizkizuna maiatzaren 6an, astelehenean, izango da, arratsaldeko 19:00etan, Bilbon, Abandoko San Bizente Martiria parrokian.
Karmele Rotaetxe Amusategi Bilbon jaio zen, 1932ko urtarrilaren 17an.
Umea zela, eta Gerra Zibilaren ondorioz, Bordelera alde egin zuen familiak. Hortaz, Bordelen ikasi zuen Batxilergoa. 1967an, Filosofia eta Letretan lizentziatu zen, Deustuko Unibertsitatean. Hamar urte geroago, 1977an, “Estudio estructural del euskera en Ondarroa” izeneko tesia aurkeztu eta Doktoretza lortu zuen, Salamancako Unibertsitatean. Koldo Mitxelena zenak zuzendu zuen tesia.
1977tik aurrera, euskara eskolak ematen hasi zen, Bilboko Unibertsitate Autonomoan. Gero, Leioako Kazetaritza Unitate Delegatuan (Bartzelonako Unibertsitatearen menpe zegoen) lan egin zuen, euskara eskoletako koordinatzaile moduan.
1978an, Gasteizko Filologia, Geografia eta Historia Fakultatea martxan jarri zen eta bertan jardun zuen Rotaetxek, Frantses eta Hizkuntzalaritza Saileko arduradun gisa. 1986an, Hizkuntzalaritza Orokorreko katedra eskuratu zuen.
1994-1995 ikaskurtean, Sorbona Unibertsitateko (Paris V – René Descartes) irakasle gonbidatu gisa aritu zen.
1997an, EHUko Kazetaritza Fakultatera itzuli zen.
Ibilbide luzea eduki du euskararen morfologia eta sintaxia aztertzen. Europako hizkuntzen egoera ere aztertu du.
2001 urteaz geroztik, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle emeritua izan da.
Hainbat erakundetan
New York Academy of Sciencesko kide izan zen, Hizkuntzalaritza Sailean. EUROTYP, Europako Hizkuntzen Tipologia Ikertzeko Programako kide iraunkorra ere izan zen. La Gran Enciclopedia del Mundon kolaboratu zuen, Eusko Ikaskuntzako Hizkuntza eta Literatura Saileko idazkaria izan zen 1987an, eta saileko presidentea 1987tik 1994ra.
1979ko abenduaren 23an, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen eta 2004ko azaroaren 26an, aldiz, ohorezko euskaltzain.
Akademiako Gramatika batzordekidea zen, batzordea bera martxan jarri zenetik. Bestalde, EGLU liburuetan parte hartu zuen hasieratik. Sustapen batzordeko aholkulari ere izan zen.
Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkarietan argitaratu zuen artikulu ugari.
2008ko maiatzaren 10ean, Mendebalde Kultura Alkarteak omendu zuen, “euskal hizkuntzalaritzan aitzindari eta bidegile” izateagatik. Omenaldi horretan Xabier Altzibar euskaltzain urgazleak honela esan zuen: "Berba bitan: Karmele beti euskeraren azterketari maila zientifikoa emoten ahalegindu da. Euskerari buruz jakiteko Karmelek hizkuntzalaritza menperatu behar dala azpimarratu dau, baita hizkuntzen tipologia ezagutu. Haren ustez, euskerak badau bere nortasuna (zaila eta korapilotsua da) baina antzekotasunak handiak ditu Europako beste hizkuntza batzuekin".
Argitaratutako lan batzuk:
- Estudio estructural del euskera en Ondarroa (1978)
- Sur un point de morphologie nominale du basque. Fontes Linguae Vasconum (1971)
- L’accent Basque: Obsevations et hipothésis (1978)
- Cultura oficial y lenguas minoritarias (1980)
- Lingüístca lógica: la construcción ergativa vasca (1978)
- Numeral eta aditzen arteko konkordantziaz (1979)
- Pluraleko ergatibo-adierazleari buruz (1978)
- Sociolingüística (1988)
- Soziolinguistika: hizkuntza eta gizartea Euskadin (1986)
- Tipología lingüística: dativo y datividad (1999)