Jagonet galde-erantzunak

Bilatu

–tzat atzizkia ts, tz txistukari afrikatuen ondoren

Galdera


Nola erabili behar da -TZAT atzizkia ts, tz txistukari afrikatuen ondoren? Esaterako, trakets gehi –tzat: trakestzat/traketstzat/trakets-tzat...? Eta-tz gehi –tzat?

Erantzuna

Euskaltzaindiak ez du ezer esan, oraingoz, arazo morfofonologiko horretaz. Hala ere, badirudi galderan ematen diren trakestzat/traketstzat/trakets-tzat formen artean dagoela hautua. Aukera horien artean zein nagusitu den ikusteko, Orotariko Euskal Hiztegia (OEH) aztertu dugu eta, OEHko corpuseko datuen arabera, honako ondorio hauek atera:
1. Trakets-tzat, motz-tzat: hau da, marratxoa erabiltzea. Badirudi gaur egungo idazleren batek edo bestek erabili izan duela baliabide hori; baina OEHko corpusean ez dugu aurkitu horren aztarrenik.
2. Traketstzat, motztzat: hau da, txistukari afrikatua + txistukari afrikatua. Oso erabilera urrikoa dugu baliabide hori ere. OEHko corpusean oso adibide bakanak aurkitu ditugu: V. Mogelen utstzat, S. Pouvreauren motztzen eta pitztzen, eta J. Duvoisinen botztzen. Horiek besterik ez.
3. Trakestzat, moztzat: hau da, txistukari frikaria + txistukari afrikatua. Nahiz eta adibide gehiegi aurkitu ez OEHko corpusean, ezagun da forma hori nagusitu dela tradizioan. Txistukari afrikatua frikari bihurtu da honako adibideetan: ustzat, amestzat, arroztzat; eta aditzetan, zorrozten, pozten, orrazten, mozten, aberasten, histen, pizte... Jatorriz txistukari afrikatua izan beharrean frikaria duten kasuetan ere ez da arazorik izan kontsonante afrikatuz hasten den atzizkia hartzerakoan: deustzat, eskastzat, espostzat, ezdeustzat, mesiastzat, apheztzat, arteztzat, ezereztzat; eta aditzetan, ikusten, pozten, ezerezten, naasten eta beste.
Beraz, hirugarren baliabide horren alde daude tradizioko datuak.

Data: 2001/03/28 Erantzulea: Jesus Mari Makatzaga, Gramatika batzordeko idazk.

Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.