"iritzi" + "-eLA"

Galdera

Zein da zuzena: "Gaixotasunaren diagnostikoa garaiz egitea komenigarria dela irizten diote" ala "Gaixotasunaren diagnostikoaRI garaiz egitea komenigarria dela irizten diote"?

Erantzuna

Lehenbizikoa bakarrik da zuzena. Dirudienez, "-eLA" konpletiboarekin duzu zalantza. Ez dago arazorik "iritzi" aditzarekin "–eLA" menderagailua erabiltzeko. Badira era horretako egituren testigantzak literaturan, eta ugari samar gainera: "Etxe ona eta andre obea izango dituala deritzot" (Garoa), "Neritzan neretzat bakarrik itz egiten zenduala" (Agirre Asteasukoa) eta abar.
Datiboko marka ere eska dezake aditz horrek. Hala ere, ematen duzun bigarren perpausa, datiboduna, okerra da; izan ere, datiboaren markak "-t(z)ea"dun perpaus konpletiboan joan behar du eta ez perpaus horretako osagai baten gainean; eta horrez gain, "-eLA"dun perpausik ez du behar. Beraz:
OKERRA: "*Gaixotasunaren diagnostikoaRI garaiz egitea komenigarria dela irizten diote."
ZUZENA: "Gaixotasunaren diagnostikoa garaiz egiteaRI komenigarria irizten diote."

Data: 20010912
Erantzulea: Jesus Mari Makatzaga, Gramatika batzordeko idazk.

Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.