Zenbat?/Noiz? Hainbat + "inguru" (orain hogei bat urte inguru)

Galdera

Zuzena al da "orain hogei bat urte inguru" egitura? Ez al da guztiz erredundantea?

Erantzuna

Horrelako egiturak ez dira txartzat ematekoak; nahiz eta ez izan beharrezkoa "bat" eta "inguru" biak batera erabiltzea. Baina egitura "bikoiztu" askotxo dago euskaraz, eta beste hizkuntzetan ere bai. Eta erruz erabiltzen dira, bai ahozko hizkuntzan eta bai idatzian.
Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegiak adibide hauek dakartza, besteak beste:
- K. Mitxelena: "ehunen bat inguru bilduko genituzke"
- I. Munita: "landaretik landarera metro erdi bat inguru"
- I. Munita: "lau bat milla inguru aldatu"
- N. Alzola: "orain irurogei bat urte inguru"
- Uztapide: "ogei bat urte inguru dira olakorik etzegola"
Horrez gainera, ikus datu-base honetako "inguru" sarrera.

Data: 2001/06/13
Erantzulea: Jesus Mari Makatzaga, Gramatika batzordeko idazk.

Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.