"baita ere" lokailua

Galdera

Komunikabideetan sarritan entzuten da "Baita ere esan digute (...)" egitura. Zuzena al da? Ez al du behar "Baita (...) ere" zuzena izateko.

Erantzuna

Euskaltzaindiaren Euskal Gramatika: Lehen Urratsak, EGLU, III, Lokailuak liburukiko 48. orrialdean ageri denez, ez da erabat txartzat ematen "Baita ere (...)" egitura (Mitxelenak berak baditu, adibidez, horrelakoak); baina Gramatika batzordeak nolabait markatutzat dauka. Arruntena, zalantzarik gabe, "Baita (...) ere" egitura da, EGLU, III, Lokailuak liburukiko 50. orrialdeko eskeman ikus dezakezunez.

Batzuetan, ordea, lokailua perpaus guztiari dagokionean eta ez sintagma bati, perpausaren hasieratik eman nahi izaten da emendio kutsua, eta hortik dator perpaus hasieran "Baita ere" erabiltzeko nolabaiteko beharra. Hori dela eta, gogoan izan hor ditugula zeregin horretarako arruntagoak eta egokiagoak diren beste lokailu batzuk: "halaber", "orobat", "era berean" eta abar.

Horrez gainera, ikus datu-base honetako "ere" sarrerak.

Data: 2002/01/08
Erantzulea: Jesus Mari Makatzaga, Gramatika batzordeko idazk.

Orrialde honetako dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin baimen baten mende daude.