egoitza.jpg


Literatura Terminoen Hiztegia

<< Zerrendara itzuli

 
AGERTOKI

Antzerkiaren errepresentazioa gertatzen den antzokiko edo antzezteko lekuko gune jakina da; aktoreek errepresentazioa egiteko erabiltzen dutena, alegia. Orokorki, antzerti lanaren fikziozko giroa eratzen duen elementu multzoak osatzen du agertokia: dekoratuak, tramoiak, eta abar. Leku irekietan, behin-behineko oholtza izan liteke agertokia, hala nola, herri antzertian; eta hiri edo herriko plaza batean edo kalean edota belardian kokatzen da oholtza hori. Ikusleak agertokiaren aurrean daude, eta eserleku ilara zuzenak jartzen dira, edo zirkulu erdia osatuz. Hurbilenik dauden ikusleak baino gorago izan behar du agertokiak, denek ikus dezaten. Atzean, antzezle edo jokalarien bastidorea ezkutatzeko harresia edo oihalak egoten dira.

Musika joleak agertokiaren aurrean, behean, kokatzen dira, eta atzean ere bai zenbaitetan, edota, zuberotar pastoraletan bezala, atzean eta goian. Antzoki estalietan, aurrean edo atzean koka daiteke musikarientzat leku bat. Italiar antzokietan, aurrean egoten da, eta beherago, musika joleak ikusten ez direlarik. Leku estalietan, apaingarri tresnak gordetzeko eta ekitaldien arteko tarteak egiteko, agertokiaren aurrean oihal bat heda daiteke.

Agertokira sartzeko, bizpahiru ate dituzte jokalariek, italiar erako antzokietan. Europako agertoki gehienetan, bi sarrera nagusi daude, ezkerrean parkea eta eskuinean patioa. Aurretik eta erditik ere sar daiteke. Zuberotar pastoraletan, agertokiko ezkerraldean onen edo khiristien ate edo oihal sarrera urdina dago, eta eskuinean gaiztoen edo türken ate gorria; erdian, zeruko sarrera zuria dago, eta hortik azaltzen dira elizgizonak eta aingeruak eta hortik ateratzen ere hildako onak.

[P. U.]

Ikus, halaber, ANTZOKI.

Estekak:
antzoki
es: escenario fr: scène en: stage
 



© 2010 Euskaltzaindia. Ikus lege-oharra