egoitza.jpg


Literatura Terminoen Hiztegia

<< Zerrendara itzuli

Aurkitutako sarrerak: aipamen | zehar-aipamen

 
AIPAMEN

Aipamen, aipu edo zitazioa baliabide erretoriko bat da, pentsamendu figuren artean sailkatzen da eta hedatze prozeduraz baliatzen. Norbaiten testu zati bat, hitzez hitz beste idazle baten edo egilearen beraren beste testu baten barruan sarturik eta ezagutzeko moduan nabarmendurik aipatzean datzan baliabide estilistikoa da. Aipaturiko autoritatearen bermea eskuratzea izan daiteke testuartekotasun mota horren helburua, halako tradizio ideologiko edo kultural batekiko harremana adieraztea, edo, bestela, asmo ironiko, parodiko edo satirikoen adierazpide izatea.

Prozedura egoki erabiltzeko, aipamen edo zitazioak ez du luzeegia izan behar, eta zehatz-mehatz egina behar du, ezer aldatu gabe eta komatxo artean adierazia; batik bat, egilea eta jatorriko testuan zuen esanahia eta eginkizuna errespetatu behar dira. Literaturan aipamenak sarri erabili izan dira, eta antzinako testu askoren berri aipamenen bidez soilik heldu da. Gaur egun, askotan ikusten da aipamen bat narrazio edo poema zenbaiten hasieran, testuari halako girotze iragarpen bat emateko edo; saiakeretan, berriz, aipuak oinarrizko lekua du, batez ere zenbait testuren azterketak egiten direnean. Gainera, testu literario asko aurreko beste testu batzuen gainean eraikitzen dira, batzuetan aipamena aitortu gabe; bide horretatik, indar handia hartu du joera metaliterarioak, literaturari buruzko literaturak.

Euskal literaturan, gure klasikoek sarri baliatu izan dute aipua, zuzenean ala zeharka, hitzez hitz ala glosak eginez. Aipagarriak dira, besteak beste, Axular edo

J. B. Agirre Asteasukoa. Gaur egun ere, oso baliabide erabilia da: J. Sarrionandiaren joko metaliterarioak eta aipu ugariak har daitezke adibidetzat, alde batetik; bestetik, eredugarria da A. Lertxundiren Letrak kale kantoitik (1996) liburua, aipuz eta glosaz osatua.

[J. K. I.]

Ikus, halaber, FUNTZIO METALITERARIO, TESTUARTEKOTASUN, ZEHAR-AIPAMEN.

es: cita fr: citation en: quotation
 
 
ZEHAR-AIPAMEN

Erretorika klasikoan pentsamendu figuren artean sailkatzen den figura literarioari allusio zeritzan, eta joko, josteta esan nahi zuen. Grekoz, aldiz, hipónoia zeritzan, eta iradokizuna, intsinuazioa esan nahi zuen. Zerbait zeharka aditzera ematean datza, gordeka, espresuki eta argi adierazi gabe, hartaz pentsarazten duen beste zerbaiten bidez. Ez du egitura gramatikal edo semantiko berezirik, testuinguruan uler daiteke, hartzailearen konplizitatea eta ezagutza eskatzen du, baina subjektiboa da, eta, hortaz, baliabide baliotsua izan daiteke zerbait aditzera emateko, egilea zerbait hori esan izanaz inork akusatu ezingo duen eran.

Tropoetan bezala, adiera saiheste bat dago zehar-aipamenetan, baina hori perpausean gertatzen da maiz, eta, beraz, zehar-aipamen metaforikoak, metonimikoak, alegorikoak eta abar daude. Baita, edukiaren arabera, alusio historikoak, mitologikoak, literarioak, politikoak, erotikoak, pertsonalak eta abar ere. Badira hotsen bidezko alusioak ere. Zehar-aipamen mota bat da ebokazioa deritzan pentsamendu figura ere, diskurtso baten barneko kontakizun gordea. Zehar-aipamen mota asko dago beraz, zirkunstantziak nolakoak diren. Perifrasi bidez agertzen da askotan, edo aipamenarekin batean. Hainbat testu motatan aurki daiteke: literaturan, kazetaritzan, publizitatean...

Hona hemen zehar-aipamen mitologiko batzuk B. Gazteluzarren Egia Katolikak liburutik:

“Urrun hadi, Parnasseko Musa zahar profanoa, Eta [zu] zato, zeruco Musa berri dibinoa.”

“Adio, Febus, hire etxe Hire itsaso gustia, Ez zarete aski hilzeko Ene egarri handia.

[X. A.]

Ikus, halaber, PENTSAMENDU FIGURA.

  
 



© 2010 Euskaltzaindia. Ikus lege-oharra