pragmatika - Literatura Terminoen Hiztegia

 
PRAGMATIKA

(grek. pragmatike, gertaerekin zerikusia duena)

Semiotikalari bat, Ch. Morris, izan zen hizkuntzaz izan daitezkeen hiru ikuspuntuok bereizi zituena: lehena sintaktikoa –perpausen eraikuntzaren arau logikoei atxikia–, bigarrena semantikoa –perpausen interpretazioa “ beste zerbait ”ekiko loturan ikusten saiatzen dena (zer hori errealitatea edo hizkuntzaren beste emaitza bat izan daitekeelarik)– eta hirugarrena pragmatikoa –solaskideek euren arteko errealitatean eragina izateko hizkuntza nola baliatzen duten aintzat hartzen duena. Grekoz, pragmata ekintzari deritzo. Pragmatikaren ikergaia hizketaren eta testuinguruaren arteko harremana da, eta, egiazki, bi zentzu ezberdin baina osagarri ditu. Alde batetik, enuntziatzio edo esakuntza egoerak diskurtsoan duen eragina aztertu nahi da –adibidez, beharrezkoa da egoera edo testuinguru horren ezagutza gu izenordainak perpaus batean izendatzen dituen pertsonak zein diren zehaztu ahal izateko, edo “joango naiz” esaterakoan informazio bat ematen ari naizen ala norbait mehatxatzen ari naizen jakiteko–; bestalde, diskurtsoak berak egoeraren gainean duen eragina aztertu nahi da –izan ere, mintzatzean, inguruko munduaz informazioa emateaz gain, solaskideen arteko harremana bideratzen saiatzen da mintzatzailea, eta egia da, baita ere, zerbait esatean bere buruaren zein solaskideen irudi jakin batzuk inposatzen saiatzen dela, errealitatean eragiteko asmoz (hala, Anttonek erretzeari utzi dio esatean, inplizituki solaskideari Antton erretzailea den ustea edo jakintza egozten zaio).

Noiz eta nola sortzen da pragmatika? Arazoaren oinarrian hizkuntzaren funtzioaren galdera legoke, hau da, zertarako balio du hizkuntzak, komunikatzeko ala irudikatzeko? Port-Royalgo jansenistentzat komunikazio funtzioaren zerbitzura dago errepresentazio ahalmena; W. Humboldtentzat, berriz, hizkuntza ez da komu nikazio tresna bat soilik, batez ere bizitza espiritualaren eta munduaren baitako kokapena adierazteko tresna da, hots, pentsamenduaren ispilua. Egia esan, hiz kuntzaren eta ekintzaren arteko harremanak aspalditik daude mendebaldeko pentsalarien ikusmiran. Halere, gaiaren inguruko lehen gogoeta egituratuen bila abiatuz gero, XX. menderaino etorri behar da. F.de Saussure linguistika modernoa ren aitzindariaren esanetan ( Hizkuntzalaritza orokorreko ikastaroa , I. Arrigain, 1998), hizkuntza eta hizketa bereizi behar dira (bigarrena lehenaren gauzatze konkretua da). Saussurek geroko uzten du ekintza linguistiko edo hizketaren azterketa eta kodearen azterketa estatiko bati lehentasuna ematen dio. Neopositibistek ere (Morris), semantika eta sintaxia aztertu nahi dituzte pragmatikarekin nahasi gabe, hots, egiturari lehentasuna emanez eta ez funtzioari.

K. Bülher-ek aldaketa nabarmena ekarri zuen. Hizkuntzaren bitartez zerbait adierazteko gogoa eta hizkuntzaren bitartez errealitatean eragina izateko xedea bereiziz komunikazioaren hiru pertsonaia nagusiak definitzen ditu: mundua, mintzatzailea eta solaskidea. Mintzatzerakoan ikur hirukoitzak ekoizten dira beraz, alegia, munduaz zerbait esaten da (errepresentazio funtzioa), solaskidean eragina izan nahi da (dei funtzioa) eta inplizituki igorleak bere burua definitzen du (espresio funtzioa). R. Jakobsonek osatu egingo du Bülher-en ekarria, funtsean errespetatuz. Horrela, aurreko hiru funtzioei (zeintzuei izena aldatzen baitie, bidenabar), hots, funtzio erreferentzialari, konatiboari eta espresiboari, beste hainbeste funtzio berri gehitzen dizkie: metalinguistikoa (mintzatzerakoan, erabilitako kodea aipagai dene an), poetikoa (esaten denak berez balio bat izan dezake, ekoizpenaren helburu pro pio izan daiteke) eta fatikoa (mintzatzeko orduan solaskideekiko kontaktua sortzen eta iraunarazten ahalegintzen gara).

Hirurogeiko hamarkadan, Oxforden, filosofo talde batek aurretik hizkuntzalariek eginiko lanaren segida hartu zuten mintzatzean egiten den ekintzaren izaera ulertzen saiatuz (eta ez soilik hizkuntzaren bitartez egin daitekeena). J. Ll. Austinentzat, abia puntua honako hau izan zen: enuntziatu batzuek gertaera bat deskribatzen dute; beste batzuk, aldiz, performatiboak dira, alegia, 1) mintzo denaren ekintza bat des kribatzen dute, 2) esatea bera ekintza gauzatzea da. Har dezagun adibide garbi bat: Zin dagizut esatean, zin egitearen ekintza bera gauzatzen ari naiz.

Konstatazio horretatik abiatuz, J. Ll. Austinek “hizkuntza ekintza” direlakoen hiru aspektuak deskribatzen ditu. Hiztuna mintzo den bakoitzean, lehenik, ekintza lokutibobat egiten ari da –zerbait esaten ari delako–; bigarrenik, ekintza ilokutibobat –solaskideen arteko harremanaren eraldaketa bat gertatzen delako (adibidez, galdera bat egitean, erantzuteko beharra sortzen du solaskidearengan); hirugarrenik, ekintza perlokutibobat, helburu edo intentzio berezi batekin mintzo delako, esate baterako, eta beharbada solaskideak ez du ulertuko hizkuntza ongi menderatu arren. Ekintza perlokutiboa intentzionala (edo meta-ilokutiboa) da eta ilokutibotasuna, berriz, hizkuntzari berari dagokion ezaugarria.

Pragmatikak literatur fenomenoa birpentsatzera eraman du kritika literarioa. Literatur enuntziatua mintzaira ekintza berezia ote da? Horra sorturiko galderen artean lehena. R.Ohmannentzat, autorea ekintza ilokutiboa egiten ari bada idazte rakoan, ekintza hori izaera berezikoa da halere. Idazleak hizketaldi bat kontatzen ari balitz bezala jokatzen du, eta irakurleak, halaber, sinetsiko balio bezala jokatzen du. Horregatik, “ia hizkuntza ekintza”tzat dauka literatur testua Ohmannek. Beste ikertzaile batzuk ez datoz bat ikuskera horrekin, eta literaturaren definizio positibo agoa proposatzen dute. Alegia, ilokutibotasunik gabeko enuntziatutzat hartu ordez, gabeziarik ez lukeen irudipenezko enuntziatu osotzat dauzkate literatur testuak. Hori da, esaterako, F. Martínez Bonattiren kasua. Desadostasunak desadostasun, oro har, denak bat datoz zera azpimarratzeko orduan, literaturaren berezitasuna –gainerako diskurtsoekiko– ez dagoela testuaren ezein barne-ezaugarritan, baizik eta gizarteak ematen dion funtzioan, eta azken honen arabera osatzen den komu nikazio estetikoaren zirkuituan. Horregatik, pragmatikak testuaren ekoizpenean nahiz harreran testuinguruak –izan dadin soziala, historikoa ala kulturala– duen eragina azpimarratzen du.

Gaur egungo kritika literarioan pragmatika deritzon adar egituraturik ez bada go ere, esan daiteke, aldiz, pragmatika linguistikotik abiatuz eraturiko hainbat kontzeptu eta gogoeta erabiltzen dituztela kritikariek. Autorearen eta irakurlearen harremana “fikzio itun inplizitu” baten araberakoa dela azaltzen da, kasurako. Itun horren poderioz irakurleak testu barneko mundua egia / gezurra aukeratik at dago keen irudipenezko ekoizpen gisa hartzen du.

Bestalde, pragmatikak fikziotasunaren auzia hizpide delarik kontalariaren eta autorearen arteko bereizketa zorrotza egiten du. Mezuaren igorlearen bikoizte horrek literatur komunikazioa ezaugarritu egiten du, zeren autorea irakurlearengan dik banatua ageri baita, espazioari zein denborari dagokienez.

Irakurlea ere arreta gune bihurtu da, neurri handi batean Pragmatikaren eragi nez. Hainbesteraino, non harreraren estetika deritzan korrontea osatu baita arazo bakar horren inguruan. Irakurlea, harreraren ikertzaileentzat, ez da pasiboa. Ezta hurrik eman ere. Bi ekintza mota bederen betetzen ditu irakurtzerakoan: lehenik, literaturaz eta munduaz dituen ezagutzak baliatuz testuaren isiluneak –indetermi nazio guneak– bete (Iser); bigarrenik, testua den erantzunaren atzean zegokeen galdera berreraiki. Azken ekintza horrek testuaren eta irakurlearen “igurikimen mugen” bategitea edo kontrastea agerian jartzen du (H. R. Jauss).

Pragamatikaren ikusmiratik garaturiko kontzeptu famatuenen artean irakurlearen lankidetzarena dago. Testua “makina alferra” (Eco) baldin bada, lanaren erdia irakurleak egiten du, baina, hori bai, testuak berak bere baitan daramatzan irakur keta edo deskodetze aholkuei jarraiki. Testuak irakurketa ekintzaren bidezko bere gauzatzea bermatzeko ematen dituen instrukzioek “irakurle inplizitua” edo “irakurle eredua” osatzen dute. Gaurdaino, ikuspegi pragmatista batean oinarriturik argitaratu den ikerketa literario arrakastatsuena (hainbat nozio bulgarizatzeko balio izan duena), dudarik gabe, U. Ecoren Lector in fabula (1979) da.

Azkenik, kritika literarioaren arloan inoiz pragmatika hitza bestelako zentzu batean erabili izan dela gogoratu behar da. Adibidez, M.H. Abramsek teoria poeti koen sailkapen tipologiko bat proposatu zuen ( The Mirror and the Lamp. Romantic Theory and the Critical Tradition , 1953). Prozesu literarioan jokoan dauden lau ele mentu nagusiak aintzat hartuz –autorea, irakurlea, obra, mundua–, Abramsek dio teoria literario bakoitzak lau elementuotariko bat azpimarratzen duela normalean besteak baino gehiago. Sailkapenari kutsu historizatzailea emanez, zera dio ondo ren: lehen, teoria literarioak obraren eta munduaren arteko harremanaz arduratzen direla –teoria mimetikoak dira horiek–, erromantizismoak autorearen figura jartzen duela bere gogoetaren erdian –teoria espresiboak dira sail horretakoak–, sinbolis moak, aldiz, teoria objektiboak sortuko dituela, obra bera prozesu literarioaren gunean kokatuz, eta, azkenik, XVII. eta XVIII. mendeetan obraren eta irakurlearen arteko harremana nabarmentzen dutela teoria literario gehienek –teoria pragmati koak dira horiek–.

[U. A.]

B IBLIOGRAFIA

A BRAMS , M.H.: The Mirror and the Lamp. Romantic Theory and the Critical Tradition ,

New York, 1953 / El espejo y la lámpara, Barral, Barcelona, 1975 . A USTIN , J.LI.: How to do Things with Words , Oxford, 1962 / Quand dire, c’est faire , Seuil, Paris, 1970 / Palabras y acciones. Cómo hacer cosas con las palabras , Universidad de Alicante, Alicante, 1986 .

B ÜHLER , K.: Sprachteorie , Iena, 1934 / Teoria del lenguaje , Revista de Occidente,

Madrid, 1967 . E CO , U.: Lector in fabula ou la coopération interprétative dans les textes narratifs , Grasset, Paris, 1985 / Lector in fabula , Lumen, Barcelona, 1981 .

G ARRIDO G ALLARDO , M. A.: Nueva introducción a la teoría de la literatura , Síntesis , Madrid, 2000 .

M AINGUENEAU . D.: Pragmatique pour le discours littéraire , Dunod, Paris, 1990. S EARLE , J. R.: Speech Acts , Cambridge, jat. 1969 / Les actes de langage, Hermann, Paris, 1972 / Actos de habla , Cátedra, Madrid. 1981.

Estekak:

    Beste hizkuntzatan:

    es: pragmática
     fr: pragmatique
     en: pragmatics

Siège social

  • B
  • BISCAYE
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBAO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Centre de recherche

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 SAINT SÉBASTIEN
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Represéntations

  • A
  • ALABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 VITORIA-GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GUIPUSKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 SAINT SÉBASTIEN
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAVARRE
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 PAMPELUNE
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

L'association

  • P
  • PAYS BASQUE NORD
  • Château Neuf
    15, place Paul Bert
    64 100 Bayonne
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
Casino siteleri arasında yerinizi alın, kazançlı çıkmanın keyfini sürün! Heyecanı kaçırmayın.
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper